KIDE (Kidetasunerako Dinamikak Eskolan) izeneko proiektu hau aspaldikoa dugula esaten badugu ez da, ez, gezurra. Orain 18 urte hasi genuen eta jarraitzen dugu elikatzen, aldatzen, hobetzen gure eskolako hezkuntza proiektuaren ardatza izan baita hasieratik.
Garai hartan eskola gehienetan ez zen sentitzen konpetentzia sozioemozionalak lantzeko beharra, eskolaren zeregintzat hartzen ziren arlo kognitiboa eta errendimendu akademikoa.
Herrikiden hezkuntza proiektu integral berria diseinatzerakoan arlo sozioemozionala zein kognitiboa kontuan hartu behar genuelakoan geunden. Beraz, artean ezezaguna zen esparru sozioemozionala garatu ahal izateko oinarriak jarri genituen. Lehenik eta behin, hezitzaileen prestakuntza, beti sentitu izan baitugu ikasleekin ezer landu edo aplikatu aurretik hezitzaileok izan behar dugula konpetente. Ondoren, HH eta LHko ikasleen konpetentzia intrapertsonalak (kontzientzi emozionala, erregulazio emozionala eta autonomia emozionala) zein pertsonen artekoak (giza abileziak eta bizitzarako trebetasun osasungarriak) garatzeko programa sortu zuen ikastetxean lan horretarako antolatu zen lantaldeak José Antonio Gonzalezen gidaritzapean. 2008an Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu eta, harrezkero, programa sarean denon eskura dago.
Lehen urte haietan bizikidetza positiboa landu eta eskola giro goxo eta egokia lortzea lehentasuna zela iruditzen zitzaigun lagungarria garapen pertsonal zein akademikorako oinarrizkoa zelako ustea baikeneukan. Hori horrela, programa oso bat eraikitzen hasi ginen batean eta bestean ikusi eta ezagututako programak gure ikastetxeko testuingurura egokituz. Programa honetan oinarrian goian aipatu ditugun konpetentzia sozioemozionalen lanketa zegoen. Pertsonen arteko eralazioetan gatazka azalduko zela jakin bagenekienez, gatazka hauek txikitatik elkarrizketaren bdiez era baketsuan konpondu edo eraldatzeko asmoz hasi ginen estrategia eta erreminta desberdinak sortzen.
Aurrena adostokiak jarri genituen martxan. Hezkuntza sozioemozionala 3 urteko gelan hasten badugu ere, adostokiak 5 urteko gelan hasten dira erabiltzen 6. LH arte, baina adostoki hauek aldatzen eta egokitzen doaz ikasleen adin eta etapa ebolutiboaren arabera.
Ikasleek adostokian euren haserreak konpondu ahal izateko lanketa handia egiten dute mailaz maila emozioen inguruan, komunikazio kontutan, etabarretan. Trebetasun hauek garatu ezean, txoko horretan bi pertsonak biltzea ez litzateke baliagarria izango. Hala ere, jabetuta geunden, zenbaitetan eta arrazoi desberdinak medio, ezin izaten zutela euren kasa bideratu. Beraz, eskolako bitartekaritza zerbitzua martxan jartzea pentsatu genuen. Programa gure beharrei erantzunik egokiena emateko diseinatu eta 2010ean martxan jarri genuen. Bitartekariak LHko 5. eta 6. mailako ikasleak izaten dira eta erabiltzaileak, batez ere, LHko 3. mailatik aurrerakoak. Programa martxan jarri eta honen jarraipenak lan handia eskatzen badu ere, ezin ukatu merezi duela.
Programa hauek jarraipena izaten dute DBHn eta DBHko lehen zikloan Ikasle laguntzaile-bitartekarien programa indarrean dago aspaldian eta 4. DBHko ikasleekin Ziberkide programa azkeneko zazpi bat urtez. Azken hauek mugikor eta sare sozialen inguruko prestakuntza sakona jasotzen dute eta hauek izaten dira LHko 5. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleak trebatzen dituztenak erabilera egokia zein den erakutsiz, izan daitezkeen arriskuez jabearazten, zailatsunen bat baldin badaukate beraiekin harremanetan jartzeko bidea emanez…
Horrez gain, bizikidetzaz arduratzen den organo misto garrantzitsua ere badaukagu eskolan, Bizikidetza Behatokia hain zuzen. Hezitzaileak, irakasle ez diren langileak, familiak, Tolosako udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak dira partaide eta bizikidetza, hezkidetza, genero berdintasuna eta horrelako gaien inguruan eskolan egiten den lana ezagutu eta baloratzen dute. Gainera, esparru desberdinateako ordezkariak izanik ekarpen aberatsak egiten dira. 2006-07 ikasturtean sortu zenetik urtero izan da martxan.
Bada orain arte aipatutakoa da Herrikidek esparru honetan egin duen ibilbidearen laburpena. Ibiilbidea ez da hain lineala izan, noski. Izan ere, konpetenzia sozioemozionalak lantzeko programa hain garrantzitsu eta oinarrizkoa zela oharturik, hiruhilabete oro programa hau ebaluatzen joan gara. Horri esker programa bizia dela esan dezakegu. Hasierako programako hainbat ekintza eta dinamika (ez zirelako adin horretarko egokiak, errepikatu egiten zelako, kognitiboegiak zirelako…) alde batera utzi dira eta beste asko ezarri programa aberastearren. Horrela, Gorputzaldiak izeneko beste programa txertatu genuen musika eta gorputzaren bidez konpetentziak era egokiagoan lantzeko aukera ematen baitzigun, xakea erreminta pedagogiko bezala abian jarri genuen 3 urtetik aurrera konpetentzia sozioemozionalak garatzeko aparta delako, Carme Timonedaren ereduari jarraituz zeharkako komunikazioa eta metaforaren erabilera zabaltzen ari gara, etabar luze bat.
Beraz, alderdi sozioemozionala lantzeko sortu genuen lehen programa haren eta gaur egun egiten dugunaren artean alde handia dago. Gainera, gaur egun, lanketa honen beharra hezkuntzan nahikoa onartuta dago. LOMLOE hezkuntza lege berriak berak ere azpimarratzen du eskolako helburu eta zereginetako bat hauxe dela eta LHko 3. zikloan Balio etiko eta zibikoen hezkuntza izeneko arloa sortu du.
Bada, programa hau eguneratzeko beharra aspalditik sentitzen genuenez, zuzenean ekin zitzaion lan horri iazko ikasturtean. Berriz ere, ziklo desberdinetako hezitzaileekin lantaldea berregituratu, baliabide batzuk (denbora, batez ere) eskaini eta martxan jarri zen. Oso lan mardula. Hasteko, mailaz maila konpetentzia sozioemozionalak lantzeko zein dinamika, zenbat saio, zein arlo eta proiektutan… egiten diren zerrendatu. Argi ondorioztatu zen urteen poderioz, zikloen artean desberdintasun nabarmenak zeudela. Ondoren, zikloz ziklo programa eraberritu eta berrantolatzeko zereginetan gabiltza. Hirugarren zikloan arlo berri hori ezarri beharraren aitzaikiarekin, gure eskolan LH osoan ezartzeko erabakia hartu da eta 2022-23an programa berritua jarriko da martxan ziklo bakoitzean arduradun bat egongo baita lan hau bideratu eta erraztu ahal izateko.
Bestalde, aspaldidanik lidergo, partaidetza edo kudeaketa kontuek arduratu gaituzte. Gai hauen inguruan irakurri, ezagutu, eztabaidatu eta zenbait froga eta aldaketa egiten joan gara. Hala ere, intuizioa eta esperientzia izan dira, batez ere, aldaketa hauek gidatu dituztenak eta proiektu sendoagoaren bila ibili izan gara urtetan. Bada, 2020an Arbola Consulting Pertsonakeko arduradunekin topo egin eta Frederick Laloux-en Reinventar las Organizaciones liburuaren berri izan genuen. Inspirazio iturri izan zen gu guztiontzat. Ahokulari talde honen ezagutza eta akonpainamenduarekin gure behar hauei erantzun egokiagoa eman geniezaiekeela sinetsita, bide ezin oparoagoari ekin diogu azken urteotan. Betidanik, uste izan dugu edozien proiektu hezitzaileak trebatzetik hasi beharra dagoela ondoren ikasle eta familiak ahalik eta ondoen artatzeko. Eta oraingoan ere halaxe egin dugu. Orain arte azaldutakoaren jarraipena da gaur egun burutzen ari garen prozesu garrantzitsua, PertsonakHerrikide izendatu duguna, PERTSONA baita gakoa. Ikaslea izanik hezkuntza proiektuaren ardatz ikasle hauek artatuko dituzten hezitzaileak (langileak, familiak, beste profesionalak…) zaindu eta trebatu behar ditugu aurren-aurrena zaintza eta etikaren pedagogiarekin bat eginez. Baina jauzi handi bat ere egin dugu. Izan ere, oinarrian pertsona baldin badago ere, organizazioan eragin nahi izan dugu, erakundea bera aldatu eta hobetu nahi izan dugu. Hainbestetan aipatutako (pertsonaren) adimen emozionaletik erakundearen adimenera pasa nahi izan dugu, NI-atik GU-ra, EGO-tik EKOra pentsamolde berri honek XXI. mendeko erronkei askoz hobeto erantzuten laguntzen baitigu.
Prozesua diseinatu eta urratsez urrats ari gara aurrera egiten. Eskolako hezitzaile, administrazio eta zerbitzuetako langile desberdinekin bakarkako entzute fase garrantzitsuarekin hasi. Fase horretan jasotakoaren itzulketa apreziatiboa egin eta indarguneak eta hobetzeko alderdiak identifikatu. Ondoren, lau lantalde heterogeneo osatu ziren ongizate emozionala, lidergoa eta pertenentzia gaiak aztertu eta lantzeko. Kohesio dinamika batzuk egin ostean, Ko-Diseinua eta Ko-Sorkuntza ahalbidetzen duen metodologia zehatza aplikatu eta aipatutako gaiak hobetzeko prototipo batzuk sortu ziren, talde bakoitzeko hiru, hamabi guztira.
Hurrengo ikasturtean prototipo horiek oinarri hartuta hiru esparru lantzeko egitura berregin da. Gai bakoitza aztertu eta lantzeko Aldaketa Taldea antolatu da. Aldaketa Taldea eta Zuzendaritza Taldearen artean Pilotaje Taldea izenekoa eratu da. Aldaketa Talde hauetako bat espazioez arduratu da, bigarrena lidergoaz eta hirugarrena komunikazio eta erakundearen kulturaz. Lan saioetan kohesioa, partaidetza aktiboa, konpromisoa … sustatzen dira. Saio bakoitzerako zeregin eta dinamika batzuk prestatzen ziren aurretik eta baita identifikatutako zenbait defizit gainditzeko prestakuntza “pilulak” ere. Pilula hauek oso eraginkorrak izan dira, hausnarketa, eztabaida profesionala, konpromisoa, komunikazio gaitasunak sustatu baitituzte. Zailtasunak zailtasun (aparteko finantziaziorik eza bigarren ikasturtean, saio kopuru txikia,…) eta gorabeherak izan badira ere, harrigarria eta pozgarria izan da egindako bidea, proposatu eta aurrera egin duten aldaketa zehatzak. Hobekuntza nabarmeana izanik, datorren ikasturtean egitekoa diseinaturik daukagu jada. Kudeaketa eta lidergo eredu hau askoz egokiagoa dela frogatua dugunez, finkatzea izango da xede nagusia. Baita inguruan esperientzi hau partekatu eta zabaltzea ere. Izan ere, KIDE proiektu honen baitan egungo berrikuntzarik aipagarriena PertsonakHerrikide prozesua dugu.
Hezkuntza maila
- Haur hezkuntza
- Lehen hezkuntza
- DBH
- Batxilergoa
- Heziketa Berezia
Hizkuntza eredua
- D eredua