Gardentasuna
Gardentasuna eta gobernu onerako irizpideak funtsezko ardatzak dira erakunde publiko nahiz pribatuen funtzionamenduan. 2013ko abenduaren 9an, gardentasunari, informazio publikoari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legea sartu zen indarrean, eta alor honetako araudiaren erregulazioan aurrerapausoa izan da. Xedapenen arabera, enpresek publizitate aktiboa betetzeko derrigortasuna dute, aipatutako legearen 3. artikuluarekin bat etorriz.
Gardentasun Atariaren bidez, KRISTAU ESKOLAk publizitate aktiborako eginbeharra betetzen du, eta elkartearen funtzionamenduko alderdi guztietan eta ekintzen garapenean gardena izateko erabateko konpromisoa adierazten jarraitu nahi du, orain arte egin duen bezala. Ataria informazioa kudeatu eta eskuratzeko gardentasunaren xedea betetzeko baliagarria izatea espero dugu.
ERAKUNDEARI ETA ANTOLAMENDUARI BURUZKO INFORMAZIOA
“KRISTAU ESKOLA” izenpean elkarte bat dago, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 9 eta 10.13 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.
Hona hemen elkartearen xedeak:
- Bazkideek eskatu ditzaketen estatutuetako eta arauzko xede eta helburuei buruzko gaien inguruko kudeaketa, hala nola, honako hauek:
- Bazkideen ordezkaritza instituzionala gauzatzea, legezko interes kolektiboak defendatu eta sustatu nahian, edozein motatako erakunde, pertsona, organismo edo administrazio publiko nahiz pribaturen aurrean.
- Pertsonaren garapen integrala sustatzea, bizitzaren ikuspegi kristautik.
- Kideei, elkartutako ikastetxe eta erakundeei, irakasleei eta gainerako langileei hobekuntza tekniko eta pedagogikorako beharrezko baliabideak eskaintzea.
- Elkartutako kideak, ikastetxeak eta erakundeak ordeztu, defenditu, aholkatu eta informatzea.
- Irakaskuntzaren kalitatea sustatzea Euskal Herriko Kristau Eskolako ikastetxeetan.
- Nahi den hezkuntza nahi den ikastetxean jasotzeko askatasuna, oinarrizko eskubideen defentsa, diskriminazioaren aurkako borroka sustatzea, etab.
- Hezkuntza euskal kulturan sustatzea, kulturarteko eta nazioarteko ikuspegiarekin.
- Bazkideek ordeztutako edo antolatutako ikastetxeetan antolakuntza emankorra garatzea, obrak elizaren jarduera pastoral eta ebanjelizatzailean hobeto sar daitezen.
- Erakundeen arteko kolaborazioa eta hezkuntza-eskaintzaren zonaldeko beharretarako egokitzapena sustatzea.
- Lehentasunezko xedea hezkuntza integrala duten jarduera pastoralaren plan diozesiarretan kooperatu eta kolaboratzea.
Horietatik kanpo geratzen dira ordenamendu juridikoak berariaz elkarte erlijiosoei eta sindikatuei esleitutako xedeak. Dena dela, elkarteak xede horiek lortzen laguntzeko aukera izango du.
- Elkartean sartu gabe dauden beste erakunde batzuk eskatutako gaien kudeaketa, baldin eta aurreko atalean adierazitakoarekin kontraesanean ez badago.
- Xedeak erdiesteko asmoz, elkarteak honakoa egin ahalko du:
- Mota guztietako jarduera ekonomikoak garatzea, xedeak lortzeko edo helburu horretarako baliabideak hurbiltzeko asmoz.
- Mota guztietako eta edozein tituluko ondasunak eskuratu eta edukitzea, bai eta mota guztietako ekitaldiak eta kontratuak egitea ere.
- Mota guztietako ekintzak gauzatzea, lege eta estatutuetan xedatutakoarekin bat etorriz.
GOBERNU ORGANOAK
- Batzar Nagusia, organo gorena.
- Zuzendaritza Batzordea, etengabeko zuzendaritzaren organo kolegiatua.
BATZAR NAGUSIA
Bazkideen borondatea hobeto ezagutzeko asmoz, batzarretan, Kristau Eskolako kideekin elkartutako ikastetxeetako instituzio edo erakunde bakoitzeko ordezkari bat, Kristau Eskolaren lurralde ordezkaritzetako 19 ordezkari hautetsiak eta Zuzendaritza Batzordeko kideak elkartzen dira.
Lurralde ordezkaritzek hautatutako 19 kideak banatu egiten dira, Lurralde Historiko bakoitzean dauden Kristau Eskolan ordezkatutako ikastetxeetako diruz lagundutako ikasgelen kopuruaren arabera. Horiek guztiek erakunde titularren ordezkaritza izan beharko lukete ikastetxeetan.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Irakaskuntza arduraduna den Gotzaina ere gonbidatuko da batzarrera. Behar bezala gonbidatutako beste pertsona batzuek ere bertaratzeko aukera izango dute, eta ahotsa izango dute, baina botorik ez.
BATZAR NAGUSIAREN ESKUMENAK
Batzar Nagusiari dagokio:
- Kristau Eskolaren jardute-ildo nagusiak ezartzea.
- Lehendakaria, Lehendakariordea, Idazkaria, Diruzaina, Zuzendari Nagusia eta Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideak hautatu eta haien kargua uztea, bai eta ikuskatu eta kontrolatzea ere. Zuzendaritza Batzordeak proposatu ondoren hautatuko da Zuzendari Nagusia.
- Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa ezagutu eta onartzea.
- Kristau Eskolaren aurrekontua eta balantze ekonomikoa aztertu eta onartzea, kuotak eta derramak finkatzea eta horiek nola kobratu zehaztea.
- Estatutuak aldatzea.
- Elkartea desegitea.
- Beste elkarte batzuekin federazioa eta konfederazioa sortu edo horietatik irtetea.
- Ondasun higiezinen xedapena edo besterentzea onartzea.
- Bazkideen behin betiko bereizketa akordioa onartzea.
Batzar Nagusia, gutxienez, urtean behin ohiko bilerara deitu beharko da, lehenengo hiruhilekoaren barruan, Elkartearen jardunerako plan orokorra, iazko gastu eta diru sarrerei dagokien kontuen egoera, hurrengo ekitaldiko aurrekontua eta Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzeko asmoz.
Batzar Nagusia ezohiko saioan elkartuko da Zuzendaritza Batzordeak adosten duenean, bai ekimen propioagatik, bai bazkideen %20ak hala eskatzeagatik. Bileraren arrazoiak eta helburua adierazi beharko dira, eta, edozelan ere, honako gai hauen inguruan ezagutu eta erabakitzeko izango da:
- Estatutuen aldaketak.
- Elkartearen desegitea.
ZUZENDARITZA BATZORDEA
Honako hauek osatzen dute Zuzendaritza Batzordea:
- 11 batzordekide.
- Zuzendari Nagusia.
Bazkide bakoitzak Zuzendaritza Batzordean bere izenez jardungo duten pertsona fisikoak hautatuko ditu.
Zuzendaritza batzordekidearen kondizioa ezin izango da eskuordetu.
Landu beharreko gaien arabera nahitaezkotzat hartzen diren aholkulariek edota teknikari nahiz administrariek joateko aukera izango dute Zuzendaritza Batzordearen bileretara (baldin eta Lehendakariak edo Zuzendari Nagusiak berariaz gonbidatzen baditu), eta ahotsa izango dute, baina botorik ez.
ZUZENDARITZA BATZORDEAREN ESKUMENAK
Zuzendaritza Batzordeari dagokio:
- KRISTAU ESKOLAren jardute-ildoak finkatzea eta KRISTAU ESKOLAko Zuzendari Nagusiak aurkeztutako programazioa onartzea.
- Batzar Nagusian Zuzendari Nagusi izendatuko den pertsona proposatzea.
- Lehendakariak hala proposatuta, Zuzendari Nagusi laguntzailea eta KRISTAU ESKOLAko sail ugarietako zuzendariak izendatzea eta haien kargu uztea onartzea.
- KRISTAU ESKOLAko Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa, Balantze Ekonomikoa, Aurrekontua, kuotak eta derramak Batzar Nagusian onartzeko proposatzea.
- Sailen eta zerbitzuen sorkuntza onartzea.
- KRISTAU ESKOLAko kideen interes orokorrentzat kaltegarriak diren Administrazioko ekitaldi eta xedapenen inpugnazioa adostea.
- KRISTAU ESKOLAko eta lurralde ordezkaritzen zerbitzura dauden langileak izendatu eta kargua uztea.
- Gauzatutako jardueren garapenaren inguruko informazioa ematea KRISTAU ESKOLAko Zuzendari Nagusiaren eskutik.
- Batzar Nagusiaren deialdia adostea.
- Kooperazio eta koordinaziorako harremanak mantentzea, elizaren organismoekin eta Euskal Herriko Elizaren Hierarkiarekin.
- Ikastetxeetako titularren ordezkariak elkartzen dituen erakundea denez, aginte zibilen eta KRISTAU ESKOLAren presentzia instituzionalaren aurrean batzordekideen ordezkaritza bermatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko parte-hartze eta koordinazio organoetan.
- Egungo estatutuak interpretatu eta berriz aztertzea proposatzea.
- KRISTAU ESKOLAko barne funtzionamendurako araudia adostea, bai eta beste erakundeekiko jarduera koordinatzen dutenak ere.
Zuzendaritza Batzordeko kideak
- Lehendakaria – EyG Euskadi: D. Diego Bande Cordero
- Lehendakariordea – FERE-CECA Euskadi: Dña. Prudencia Sáez Vesga
- Idazkaria – FERE-CECA Euskadi: Dña. Eva Rodríguez Salcedo
- Diruzaina – PROMENGI: D. Jorge Legina Etxeberria
- Batzordekidea – FERE-CECA Euskadi: Dña. María Jesús Núñez Sánchez
- Batzordekidea – FERE-CECA Euskadi: D. Mateo Larrauri Antón
- Batzordekidea – EyG Euskadi: D. Rafael Alonso Lantaron
- Batzordekidea – FERE-CECA Euskadi: D. Francisco Javier Marquínez Arroniz
- Batzordekidea – UCA: Dña. Miriam Zuazola Cabezudo
- Batzordekidea – UCA: Dña. Nerea Belategui Arenaza
- Batzordekidea – EyG Vizcaya: Dña. Alazne Azaceta Márquez
- Batzordekidea – EyG Vizcaya: D. José Antonio Prol Lodeiro
- Batzordekidea – PROMENGI – Dña. Nerea Ibáñez García
- Batzordekidea – FERE-CECA Euskadi – D. Fernando Casas Gallego
- Zuzendari Nagusia – Dña. María Eugenia Iparragirre Bemposta
ORGANO KOLEGIATUEN FUNTZIONAMENDURAKO ARAU KOMUNAK
Bileren aldizkakotasuna
Batzarrak, gutxienez, urtean behin egingo dira eta Batzordeak, aldiz, bi hilabetean behin.
Deialdiak
Batzarrak eta batzordeak lehendakariaren deialdia idatziz egin ondoren elkartuko dira, eta horietako kide guztiei bidaliko zaie; bertan, gainera, bileraren eguna, ordua nahiz lekua eta gai-ordena adieraziko dira.
Organoaren lehendakariaren ekimenez edo kideen herenak eskatuta egingo da deialdia. Halaber, batzarren deialdia dagokien batzordeek adostu ahal izango dute.
Batzarren deialdia kideei igorriko zaie, gutxienez, hamabost egun lehenago. Larrialdietan, zazpi egun lehenago deitu ahal izango da.
Batzordeen deialdiei dagokienez, aurreko atalean adierazitako epeak hamar eta hiru egunetakoak izango dira, hurrenez hurren.
Batzarren eta batzordeen bilerak aurreko artikuluan adierazitako aldizkakotasunez egiten ez badira, goragoko lurralde eremuetako zuzendaritza-organoetako lehendakariak beharrezko kudeaketak egingo ditu kaltetutako organoaren lehendakariaren aurrean, deialdia egin dezan. Kudeaketa horiek emaitzarik ez badute, lehendakari horrek beste lehendakaria ordeztuko du bileraren deialdian eta lehendakaritzan.
Osaera
Batzarrak, batzordeak eta Batzorde Eragilea behar bezala osatuko dira deialdian kideen erabateko gehiengoa badute eta, hala ez bada, ordu erdi geroago, gutxienez, kideen ehuneko berrogeiarekin.
Batzarkideek beren ordezkaritza beste batzarkide bati idatziz utzi ahal izango diote. Ordezkaritza emateko idatziak Batzarreko Lehendakariari zuzendu eta dagokion botazioa egin aurretik entregatu beharko dira. Dena dela, batzarkide batek ezin izango ditu hiru boto baino gehiago izan.
Batzarkide izateko baldintza bat baino gehiago duten batzarkideek boto bakarrerako eskubidea izango dute.
Botazioak eta akordioak
Botazioen modalitatea dagokion organoaren lehendakariaren araberakoa izango da. Hala ere, botazioak isilpekoak izango dira, estatutuetan adierazitako kasuetan eta, gutxienez, bilerara bertaratutako kideen bostenak hala eskatutakoan.
Kolegiatutako organoak akordioak adostasunez hartzen saiatuko dira. Adostasunik ezean, bertaratutako edo ordeztutako boto eskubidea duten kideen gehiengoak adostutako akordioak baliozkoak izango dira, estatutuetan beste zerbait xedatzen ez denean.
Lehendakariak berdinketa kalitatezko boto bidez konponduko du botazioan bertan, botoak zenbatu ondoren.
LEHENDAKARIA
Hautaketa
KRISTAU ESKOLAko lehendakaria Batzar Nagusian hautatuko da, sufragio libre eta isilpeko bidez. Bere izenean jarduten duen pertsona fisikoak erakunde titular baten ordezkari izan beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe afiliatuetako estatutuak eta arauak kontuan hartuta.
Lehendakariaren agintaldiaren iraupena lau urtekoa izango da, eta beste behin soilik hautatu ahal izango da, beste lau urtetarako.
Eskumenak
KRISTAU ESKOLAko Lehendakariari dagokio:
- Kristau Eskolaren ordezkari izatea edozein motatako erakundetan, publiko nahiz pribatuetan.
- Batzar Nagusia eta Zuzendaritza Batzordea deitu eta bertako buru izatea.
- Elizaren Hierarkiarekin eta agintari zibilekin harremanak izatea.
ZUZENDARI NAGUSIA
Definizioa
Zuzendari Nagusia KRISTAU ESKOLAren kudeaketarako organo nagusia da.
Kargu hori duen pertsona fisikoak behar adina denbora izan beharko du eginkizuna ondo betetzeko.
Izendapena
KRISTAU ESKOLAko Zuzendari Nagusia Batzar Nagusian hautatzen da, baita kargua utzi ere, Lehendakariak ordezten duen Zuzendaritza Batzordeak hala proposatu ondoren. Ordezkaritza lau urtekoa izaten da, eta beste lau urtez luzatzeko aukera ere badago.
Eskumenak
KRISTAU ESKOLAko Zuzendari Nagusiari dagokio:
- Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Eragilearen akordioak gauzatzea.
- Zuzendaritza Batzordeko eta Batzorde Eragileko gai-ordena prestatzea, lehendakariarekin bat etorriz.
- KRISTAU ESKOLAko sailen lanak koordinatzea, agindutako funtzioak ahalik eta hobekien egiteko asmoz.
- Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eta instituzioekin harreman publikoak mantentzeaz arduratzea.
- KRISTAU ESKOLAko zuzendaritza-organoei funtzioak betetzeko egindako kudeaketen berri ematea.
- Lurralde Ordezkaritzei agindutako funtzioen koordinazioa sustatzea.
- KRISTAU ESKOLAren kudeaketa ekonomikoa zuzentzea, estatutuetan xedatutakoaren, aurrekontuaren eta gobernu-organoen akordioen arabera.
Urteko kontuak
Egoera balantzea 2022 – Descargar
Auditoretza txostena
Memoria 2022 – Descargar