Ezer baino lehen, eta zalantza izpirik gera ez dadin, gure esker ona helarazi nahi dizuegu amaitu berri den ikasturte honetan egindako kudeaketa eta laguntza lan bikainagatik eta erakutsitako etorkizun ikuspegitik. Onartu dugu jada datorren ikasturtean, edo haren zatirik handienean behintzat, osasun segurtasun neurriak mantendu beharko ditugula. Edonola ere, gidatu berri duzuen esperientziak konfiantza izatera gonbidatzen gaitu, eta, hala, egindako ahalegin guztiak harrera egiten, integratzen eta inguruan eragiten duten ikastetxeak eta hezkuntza komunitateak izaten jarraitzeko aukera emango digu; izan ere, gure-gurea den misioak adoretzen gaitu.
Egia esateko, erakunde gisa erakutsi dugun indarrarekin gai izan gara, ez bakarrik ikastetxeak irekita mantentzeko eta zerbitzu osagarrietan harrera ona emateko, baizik eta elkartasunez eta eraginkortasunez erantzuteko, ikasle eta familia zaurgarrienen kasuan. Eskerrak ematen dizkizuegu ere Kristau Eskolak bere kideekin eta, bereziki, behar handiena dutenekin duen konpromisoa ikusgai jarri duzuelako. Horrek ematen dio zentzua eta indarra gure misioari.
Gure ikastetxeak, prestakuntza proposamen eta maila guztietan, pluraltasun, elkartasun eta berdintasun ereduak dira. Urte asko daramatzagu horretan, baina, pandemian, ikastetxeen eta haiek osatzen dituzten pertsonen kudeaketa horixe ari da egiaztatzen, gure misioaren oinarrizko alderdi hori, hain zuzen ere. Gure konpromiso hori beste premia batzuen gainetik jartzean oinarritzen da, eta ikasturte honetan programazioak beti bete ezin izan badira ere, harro egon gaitezke gure erantzun arduratsuaz.
Hurrengo ikasturtea trinkoa izango da, bai al da horrelakoa ez denik? Gaur egungo erronkei beste batzuk gehituko zaizkie. Horregatik, atseden hartzeaz gain, lankidetza eta komunikazio sareak zabaltzeko aukera emango digun jarrera pertsonal eta instituzional bat hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Jaso ezazue besarkada bat, eta berritu itzazue zuen indarrak eta ilusioa.