Apirila, hilabete euritsua, hotza eta epela, iluna eta argia, eta hauen arteko liskarrean, lotan egon den naturari esnatzeko deia egiten dion aroa garaile.
Sasoi honetan heldu ohi zaigu Pazkoa. Erdian. Oso argi ez daukagula, aurrera-atzera, negua-udaberria, baina batetik bestera igarotzeko momentua eta aukera! Pazkoa, pausu hitzarekin lotzen dugu. Pausua, baina norantza? Aurrerantz izan behar al du beti?
Hainbat hilabete daramatzagu nahiko burumakur. Begirada altxatzean aurkitutako panoramak gero eta txikiago egiten gaituenaren sentsazioa daukagulako, agian. Hobe gurera begiratzea edo, bestela, hutsera; berriro elkartzea ospatuz baina gugandik jokoan ipintzen duguna neurtuz. Bihotza zabaltzeko zuhur al gabiltza?
Negu hotzaren ostean natura bere loalditik irten eta suspertu egiten da, bizitzak lekua bortitz bilatzen duelarik. Heriotzatik bizitzara. Gari ale hori bezala, lurrean sartuta ordura arte izan denari agur esanez bizia pizten duena. Badakigu urtetan naturari goitik begiratu diogula, boteretsu eta gupida gabeko jaun eta jabe bezala, eta orain horren ondorioak antzematen ari gara. Hasieratik gure bokazioa zena onartu besterik ez zaigu geratzen, naturarekin bat bizi behar dugula, sorkuntza handiago baten parte garela. Naturak bere zikloa jarraitzen du, eta, urtez urte, lo egotetik suspertzera igarotzen da, bizi forma guztiak berrituz. Entzun diezaiogun, behingoz, Ama Lurrari eta sar gaitezen gu ere bizitzaren zikloan!
Eta zer egiten du naturak sasoi honetan? IZAN! Izan behar duena izan. Bizitza emaile izan. Akabo artikuluaren irakurketa, Pazkoko betiko kontu bera! Eman bizitza; ez al daukat nik nahikoa daukadanarekin? Barruko oihu horren aurrean modu berri batean bizitzeko gonbidapena.
Zu zeu zarena, inongo alarde barik, neke gehiago pilatu barik; barru-barrutik jaio zaizuna izan, beste barik.
Orain txikiago izateko deia sentitzen dut, izan! Orain aurrera egiteko deia sentitzen dut, izan! Orain albo batera egiteko deia sentitzen dut, izan! Gehienetan, dagokiguna baino hamar aldiz astunagoa den zama hartzen dugu gure gain, gertatuko ez den hori ere gure zorroan sartzen dugu! Baina galdetzen al diegu gure bidelagunei: zer behar duzu nigandik? Seguruenik eurek horrela esango ligukete: zu zeu IZAN, nik ez dut besterik behar! Eta Beste Horri galdetuta?
Horretara deituak gara, gu geu izatera! Zintzotasunez garena onartu eta horri askatasunez erantzun: mantendu, berritu, eutsi, bilatu, hurbildu, eskaini, isildu, aldatu, aldarrikatu, zabaldu, ekin… Munduak gu geu izatea eskatzen digu. Horrek emango digu beharrezko askatasuna, ilusioa eta indarra! Nork esango zigun horrelakorik duela 2000 urte? Hemen Berri-ona! Pausuan Maisu eta euskarri den Hura, garena izateko eta baldintza barik maitatzeko dei egiten diguna!
Eta hausnarketetan murgilduta dagoen Kristau Eskolak zer egin dezake? Izatera deituak garen hori, IZAN! Garena garelako zabalduko ditugu bihotza eta besoak, garena garelako izango da gure proiektua esanguratsua eta berritzailea, garena garelako izango gara sentsible, garena garelako maiteko dugu gure lana, garena garelako gure ikasleek eta familiek gugan babesa bilatuko dute, garena garelako aldarrikatuko dugu justizia eta duintasuna…
Ez da erronka makala! Zorionez, bidean lagunduta goaz! Ekin erronkari, IZAN!
Mertxe Sagastizabal Irureta
Pastoral koordinatzailea eta DBH irakaslea
San Antonio Ikastetxea