18 urria, 2022

Blog KE Innova

Curriculum Berria: preskripzioa eguneroko lanaren ispiluan

Curriculum dekretu berria Euskal Autonomi Erkidegoan oraindik zirriborroa den honetan, hezkuntzaren inguruan dihardugunon artean ez da falta haren inguruko iruzkinik. Sare sozialak eta irakasle arteko elkarrizketak bero dabiltza curriculum berriak ekarri bide dituen aldaketekin, aldekoen zein kritikoen arteko ahotsak jasotzen ari gara han eta hemen. Eta horren ondoan, curriculum berrira egokitzeko saioak eta irakasleentzat formazio planak, proiektu pilotuak, material berrien diseinuak… izango dira eskola askotan zein irakasle askorentzat ikasturte berriko erronka. Testuinguru horretan irakasleen prestakuntzan gakoa izan den kontzeptu bat ekarri nahiko nuke hona: preskribatutako lana eta lan errealaren arteko aldea, hain zuzen ere. Bi kontzeptu horiek begi-bistan izateak bizi dugun momentua beste erpin batetik begiratzen eta ulertzen lagun diezagukeelakoan.

Preskribatutako lana da irakasle batek egitekotzat duena, irakasle bati bere lana nola egin “agintzen” diona, preskripzio hori jaso daiteke ikastetxeko hezkuntza proiektuan, programazioan, material didaktikoan, eskaintzen diren ereduetan… Lan erreala, ostera, irakasleak egunerokoan eskolan eta gelan egiten duena da, inguramendu jakin baten, egoera konkretu bati erantzunez, ikasle bakoitzaren eta guztien beharrak kontuan hartuta, norbanakoen bestelako baldintzak bitarte, egin egiten dutena.

Eta preskripzioaren eremuan kokatu behar da, hain zuzen ere, curriculuma. Irakasle batek jasotzen dituen preskripzioetan preskribatzaileenetakoa, zalantzarik gabe, curriculuma bera baita. Curriculumak esaten digu herri batek, gobernu batek, bere hezkuntza politika kontuan hartuta, eskolan zer eta nola garatzea nahi duen. EAEren kasuan ezin dugu ahaztu, gainera, curriculumaren %60 estatu espainolak ezartzen duela eta %40 ezartzen dela bertatik. Beraz, %40 horri dagokionez, begirada zorrotz eta argia izan beharko da gure gizarteak dituen behar eta ezaugarri propioei ahalik eta egokien erantzungo dien curriculuma ezartzea nahi bada.

Hori esanda puntu honetara dakart, berriro, lan errealaren ideia, hori delako gure ikasleengan zuzenean eragingo duena. Curriculuma irakasleek gelaratzen dute, irakasleak dira euren lan errealarekin curriculumak eskatzen duen hori gauzatuko dutenak edo ez. Esate baterako, curriculum berriak dakargun berrikuntza nagusietako bat ikasleen irteera-profilaren definizioa da. Egia da, orain arte ere, konpetentziez hitz egiterakoan, zirriborratzen zela nolabait irteera profil hori, hala ere lerroartean irakurri behar ziren profilari zegozkion ezaugarri horiek. Curriculum berriaren zirriborroetan irteera profila zehazteko ariketak gizarte gisa helburu dugun herritarra irudikatzen lagundu ahal du, helburua zein dugun argitzen digu. Hala ere, irteera profil hori lekuan-lekuan interpretatu beharko da eta testuinguruko baldintzetatik abiatuta ikasleei lagundu beharko zaie profil horretara hurbiltzen. Irteera profil eta konpetentzietan pentsatzeak lagundu beharko liguke ikasle zein ikasle talde bakoitzari ondoen egokitzen zaien ikaste esperientziak eskaintzen, eta hori ez da aukera txikia askotariko testuinguruetan eragin behar dugun honetan. Argi dago, helmuga berera hurbiltzeko bide oso desberdinak ibili beharko ditugula eta bide horiek arakatzea eta horietatik igarotzea hezkuntza komunitateko kideon egitekoa izango da. Hortxe dago lan erreala.

Bide horiek dira, hain zuzen ere, askotan irakasleen kezka iturri nagusi. Curriculumak egiten ditu bide horietako batzuen inguruko proposamenak eta preskripzio horien aurrean bati baino gehiagori sortzen zaizkio zalantzak, kezkak eta, zergatik ez esan, baita orain arte egindakoa utzi beharrarekiko minak ere: nola diseinatuko ditugu ikas-egoerak? Proiektu interdiziplinarretan non geldituko da nire arloa? Nire arloan alfabetizazioa eta hizkuntza landu, bai, baina nola eta noiz? Nola ebaluatuko dugu modu hezitzaile eta aldi berean jasangarrian? Ko-irakaskuntza egiteak zer esan nahi du?…

Hala ere, gogoeta txiki bat partekatu nahi nuke nola horiei erantzuteko ekintza zurrunbiloan sartzen ari garen honetan. Jakin badakigu irakasleon bizipen, esperientzia eta aurreiritziak guztiz baldintzatzaile direla lan errealean eta nola horiek guztiak gauzatzerakoan. Hori dela eta, ekintzara zuzenean salto egin aurretik modu kolektiboan, irakasle taldeen baitan, preskripzioaz gogoeta egitea ondo legoke. Curriculum berria ulertu, bakoitzak bere testuingurutik interpretatu, eztabaidatu, hari lotutako logikak azaleratu eta sortzen zaizkigun kezka eta zalantzei kalitatezko espazioa eskaintzeak mereziko lukeelakoan nago. Eta noranzkoa argi dugularik, pentsa dezagun proposamen metodologiko horiek nola txertatuko ditugun gure lan errealean eta egiten dugun horretatik zeri eutsi nahi diogun eta zer den aldatuko edota egokituko duguna.

Esan bezala, curriculumaren aldaketak bere soilean baino lan errealaren garapen edo aldaketak ekarriko du eskolaren eraldaketa eta horrek izango du azken batean ikasleengan eragina. Haatik, curriculum berriak izan behar luke hezkuntza komunitateak adosturiko noranzkoan aldaketa bultzatzeko akuilu, behar ditugun baldintzak aztertzeko eta eskatzeko une, metodologiekin eta egiteko modu berriekin esperimentatzeko aukera, ditugun hutsuneei aurrez aurre begiratu eta konponbideak bilatzeko abagune… Aldaketa momentuak beti dira egiten dugunari buruz pentsatu eta aurrera begira egin nahi dugunaren inguruan gogoeta egiteko momentu pribilegiatuak, ea hori egiteko baldintzak ematen diren, lan errealaren gaineko gogoeta kolektiboak preskribatutako lana aberasteko eta kokatzeko balio dezan.

Egilea: Eneritz Garro Larrañaga, Irakasle eta ikertzailea, Mondragon Unibertsitatea (HUHEZI)

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu