2011-2012 ikasturtean, ANIZTU proiektuaren zutabeak eraikitzen hasi ginen. Proiektu honen helburua, gure ikastetxeetan eleaniztasuna bultzatzea eta horretarako martxan jarri beharreko prozesu eta ekintzetan ikastetxeei aholkularitza, formakuntza eta babesa ematea zen.
Badira 9 ikasturte ibilbide luze hau hasi genuela eta nahiz eta orain arte lortutakoa ez den gutxi, datuek konfirmatzen digute egindako lana handia eta eraginkorra izan dela, oraindik bide luzea geratzen zaigu ibiltzeke.
Bizi garen mundu globalizatu honetan, hizkuntza desberdinen ezagutza ezinbestekoa da.
Hizkuntza bakarraren ezagutzak ez digu ez alderdi profesionalean ezta sozialean ere aurrera egiten lagunduko. Hizkuntza desberdinen ezagutzak berriz, nazioarteko testuinguru batean bidaiatzeko eta lan bat aurkitzeko aukerak zabalduko dizkigu. Horretaz gain, eleanitzak izateak beste kultura eta ohiturak hobeto ulertzen, errespetatzen eta haintzat hartzen laguntzen digu, harreman interpertsonalak hobetuz.
Azkeneko urteetan neurozientziaren arloan egindako ikerketek, gure ikasleen artean eleaniztasuna bultzatzeko estrategia baikorra eta ezinbestekoa dela baieztatu besterik ez digute egiten.
Jakin badakigu elebakarrekin alderatuz, eleanitzen kasuan burmuinean dagoen gorputz kailoso-an eremu bat desberdindu egiten dela, honen hondatzeko aukerak gutxiagotuz eta hemisferio baten eta bestearen arteko harremanak erraztu eta sendotuz. Eleaniztasunak garapen kognitiboa bultzatzeaz gain, erabakiak hartzeko gaitasuna eta pentsamendu dibergenteagoak izateko aukerak ere areagotzen ditu, pertsonaren pentsaera malguagoa eginez.
Eleaniztasuna eta kreatibitatearen artean dagoen harremana ere frogatuta dago. Ikerketa psikologikoek egiaztatu dute, pentsamendu errutina sinpleetan ez dagoela desberdintasun handirik eleanitz eta elebakarren artean baina errutina konplexuetan berriz, eleanitzen errendimendua askoz hobea dela.
Horretaz gain, gure ikasgeletan geroz eta ikasle etorkin gehiago izanik, ikasgela eleanitz eta multikultural batek merezi duen garrantzia ematea ezinbestekoa da, hizkuntza eta kultura fenomeno desberdinak alderatzeko eta kontrastatzeko ematen dituen aukerak aprobetxatuz. Hizkuntza eta kultura desberdinen artean elkarbizitza sortarazten dituzten espazioak bideratu behar ditugu, hauen artean eman daitezkeen interakzio, kontraste eta konparazioen inguruan sakondu ahal izateko.
Badira urte asko hizkuntzen irakaskuntzaren didaktikan, fokoa, komunikazio prozesuan eta erabilpena kontestu sozial batean egitean jartzen dela. Baina haratago joanez,…
garrantzitsua da eleaniztasunaren konpetentziaren garapena, munduaren, kulturen eta norberaren aurkikuntzarekin lotzea.
Ikuspuntu honek, kreatibitatea, elkarreragina eta ikasleen arteko kolaborazioa bultzatzen duten metodologia berritzaile eta aktiboak gelan ezartzera derrigortzen gaitu, hala nola, diziplinarteko proiektuak, ikaskuntza-zerbitzua, erronka desberdinen soluzioa bilatzea, gamifikazioa, etab.
Aniztu proiektuaren oinarrian, ikastetxe bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren arabera egindako hizkuntza proiektuak daude. Bederatzi ikasturte hauetan zehar, 108 ikastetxe izan dira gai honen inguruan formakuntza eta aholkularitza jaso dutenak eta hizkuntzen trataera bateratuan oinarrituko hizkuntza proiektu eraginkorrak ezarri dituztenak.
Proiektu eleanitz hauek aurrera eramateko, irakaslegoaren formakuntzak ere berebiziko garrantzia izan du.
Alde batetik, irakasleen hizkuntza gaitasuna hobetuz eta bestetik hizkuntzak erakusteko metodologietan prestakuntza jasoz. Azkeneko urteetan, Aniztu proiektuari esker, 9.000 irakaslek baino gehiagok egin du formazio gurekin. Asko eta asko izan dira ingeleseko titulazio ofizialak lortu dituzten irakasleak eta baita hizkuntzak erakusteko azkeneko metodologietan trebatu diren irakasleak ere.
Guzti honek eragin zuzena izan du gure ikasleen hizkuntzen emaitzetan. Ikastetxe asko dira hasieran markatzen genituen hizkuntza helburuak lortu eta gainditu dituztenak: B2 euskara eta gazteleran eta B1 ingelesean, lehen hezkuntza amaitzean eta C1 euskara eta gazteleran eta B2 ingelesean, bigarren hezkuntza amaitzean.
Esan bezala, ibilbide luze eta emankorra izan da ikastetxeek ANIZTU proiektuarekin egin duguna baina ezin dugu ahaztu bidea ez dela amaitu eta aurrera jarraitu behar dugula. Gure ikasleei hizkuntzak erakustearen arrazoi bakarra ezin izan daiteke hauen etorkizuneko kurrilum-a osatzea. Hizkuntza berri bat ikasteak, mundua begiratzeko eta ulertzeko modu desberdinak baliatzen dizkigu, ikaslearen ulermen mugak handituko dituelarik. Hori dela eta, ANIZTU proiektuak gure artean iragana, oraina eta nola ez, etorkizuna ere badu.
Egilea: Arantxi Urretavizcaya, Kristau Eskolako pedagogia arduraduna.