Ikasturte hasiera egun oso berezia izan da beti niretzat. Txiki-txikitatik, ilusioz gainezka bizitzen nuen nire laguntxoekin berriz elkartzeko eguna. Gelara itzultzeak lana, ahalegina eta erantzukizuna esan nahi zuen. Erronka berriak eta bete beharreko helburu berriak. Lorpenak eta porrotak. Baina, batik bat, bizitzan aurrera egiteko ilusioa. Batzuek besteengandik ikasten jarraitzeko ilusioa. Bakoitza geure berezitasun eta aberastasunetik, familia handi bat osatuz. Harremanen ekosistema plurala eta askotarikoa osatzen genuen, eta gu oso harro geunden.
Aurten, ikasturte hasiera berezia da niretzat, inoiz baino gehiago. Etapa berri bati ekitea esan nahi baitu. Urrats bat aurrera bizitzan, txikitan atseginez hartu ninduen familiaren eskutik, hezitzaile lanetan ekarpen handiak egin dizkidan familiaren eskutik. Eskerrik asko, Kristau Eskola.
Orain, zuzendari nagusi berria naizen aldetik, gure familia honetan partekatzen dugun proiektu komun hau aurrera ateratzeko nire konpromisoa, ekimena eta ilusioa transmititu nahi dizkizuet; gu guztion ekarpenekin osatzen dugun proiektu komuna baita, bakoitzak geure posiziotik eta geure eguneroko lanaren bitartez, Kristau Eskola eredua eta marka euskal gizartean kokatzeko. Euskal gizarteak behar gaitu, hautatu egiten gaitu; izan ere, geuk ere osatzen dugu euskal gizartea.
Mundu osoan aldaketak gertatzen ari dira, eta gure hezkuntza eskaintzan berrikuntzak txertatzera behartuta gaude, beti egin izan dugun moduan, unean uneko beharrei eta erronkei erantzun nahi diegulako. Baina berrikuntza ez soilik teknologiari dagokionez, baizik eta baita gizarteak eskatzen dituen behar berrietan ere. Askoren ustez, gizartea balio krisialdi sakonean murgilduta dago. Ezinbestekoa da, beraz, balioetan heztea, balio hauetan, hain justu: gizartearekiko konpromisoa, gizatasuna, zaintza, ongizate integrala, ekologia eta jasangarritasuna; Kristau Eskola ereduaren kalitate zigilua diren balioetan.
Gizarteak dituen erronkak eta arazoak eskolan ere agertzen dira. Gizartearekin dugun erantzukizunetik eta geure konpromisotik abiatuta, euskal gizartean hezkuntza bikaina eta ekitatiboa lortzeko lan egin behar dugu, mundura begira betiere. Hezitzaile garen aldetik, geure esku dago gizartea eraldatzen laguntzea, guztiok tokia izango dugun gizartea izan dadin, inor atzean utzi gabe.
Hezkuntzaren arloan ere aldaketa handiko unea bizitzen ari gara: ikasturte hau zubia izango da LOMLOE legetik etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legera iristeko. Hori dela eta, egokitzapen garrantzitsuak egin beharko ditugu hainbat alderditan, hala nola ikastetxeen kudeaketan eta finantzaketan, hezkuntza proiektuan eta hizkuntza proiektuan; eta ziurtagiri berriak eskuratu beharko ditugu. Aurten, premiazkoena Irakasleen Konpetentzia Digitala izango da.
Zalantzarik gabe, erronkaz betetako ikasturtea izango dugu aurtengoa, eta guztiei egingo diegu aurre. Kristau Eskolatik eskua luzatzen dizuegu, behar duzuen edozertan gure laguntza eta babesa izan dezazuen. Elkarri begiratzera animatzen zaituztegu, besteren arrakastetatik ikastera; hartara, guztion artean, ikasturte amaierara beste urrats bat emanda iritsiko gara, Kristau Eskola marka goren mailara eramanda.
Egilea: María Eugenia Iparragirre Bemposta, Zuzendari Nagusia, Kristau Eskola