Nereba Peña, Donostiako Nazaret ikastetxeko zuzendari ondokoa da. Urteak daramatza ikastetxeko Erasmus+ proiektuak kudeatzen, eskarmentu handiko pertsona da, beraz, eta urteetan hainbat lorpen garrantzitsu izan dituzte zeregin honetan.
Egun bitan Europako eguna ospatuko dugu eta 2021-2027 Erasmus+ programa berria onartu berri da. Gaurko blogean, Peñak Erasmus+ prograrma berriak ahalbideratu duen Eramus+ Akreditazioa lortzearen onurak azaltzen dizkigu elkarrizketa moduan.
Zer delata erabaki zenuten Erasmus+ Akreditazioa eskatzea eta zein onura ekarri dizkio ikastetxeari?
Eskola Hezkuntzarako Erasmus akreditazioaren berri jakin genuenean, argi ikusi genuen gure nazioarteko estrategiarekin bat zetorren aurrerapausu garrantzitsua izango zela, Lanbide Heziketan Goi mailako zikloetarako Erasmus Charter-arekin gertatu zen bezala. Batxilergoko etapan nazioartekotzarekin bueltaka hainbat urte eman ondoren, urtero proiektuak eta mugikortasunak egiteko gure ilusioa eta asmoa akreditazioan jasota dago.
Akreditazioa eskatzera bi arrazoiengatik batipat animatu ginen, batetik gure ibilbidearen jarraipen logikoa zelako eta bestetik hurrengo urteetan gure proiektuak garatu eta ikasle zein irakasleei mugikortasun gehiago eskaintzea delako gure helburua.
Akreditazioa edukitzeak estabilitatea eskaintzen du hurrengo urteetarako eta horixe da gu bilatzen ari ginena…. Hurrengo urteetarako plangintza ziurrago bat egin ahal izatea.
Ikastetxearentzat balio erantsi bat dela iruditzen zaigu, epe ertainean gure ikasle eta irakasleek aukera gehiago izango dituztelako kanpora atera, eta besteengandik eta besteekin ikasteko.
Hurrengo ikasturteetan mugikortasun gehiago, kalitatezkoak eta agian, zergatik ez?, luzera handiagokoak ere egin nahiko genituzke….. Horretarako deialdi honetarako KA1 proiektuak izugarri interesgarriak dira.
Horretatik aparte, beti dugu gustoko KA2 kooperazio proiektuak egitea, gainera ERASMUS 2021-2027 programak gauzak antolatu dituen bezala, proiektuak batetik eta mugikortasunak bestetik, malgutasun handiagoa ematen digu nazioartekotzan lan egiten jarraitzeko.
Zeintzuk dira zuen helburuak eta lehentasunak epe motz-ertainean eta zein mugikortasun proiektu izango dituzue etapa bakoitzean?
Akreditazio hau Eskola Hezkuntza-rako da, gure kasuan batxilergorako. Orain arte aurreko KA101 eta KA229 proiektuen bidez egiten genituen eta ikasleentzako 24 ERASMUS mugikortasun egiteko aukera genuen, baina aukera gehiago nahi genituen bai ikasle bai irakasleentzat. Orain hurrengo urteetan kopuru horiek handitzea espero dugu Akreditazioari esker.
Ingurugiroa eta Ekintzailetza lantzen ari gara martxan ditugun proiektuen mugikortasunekin, STEAM arloa eta funtsezkoak diren zeharkako gaitasunak ere landu nahi ditugu.
Ba al duzue mugirkotasunik plangintzan honezkero?
Batere bidaiatu ez garen pandemiako urte zail honetan etorkizunari begira egon gara eta hainbeste ideia ditugu!! Planifikatuta ditugun lehendabizikoak, bertan behera gelditu ziren bidaiak egin ahal izatea da, Danimarka eta Austriara, baina agendan Hungaria, Alemania, Italia, Irlanda ere……
Nolakoa izan da eskakizun prozesua?
Eskaera prozedura interesgarria izan dela esango nuke, 7 urtetarako plana egin behar izateak epe luzerako genituen erronkak eta planak berrikustera eraman gaitu. Nazioartekotzari emanda genion norabideari buruzko bigarren hausnarketa bat egin dugu, eta horrek erronka berriak ekarri dizkigu burura.
Beste ikastetxeak animatuko al zenituzke?
Zalantzarik gabe, zentro guztiak animatuko nituzke. Nazioarteko ekintzak jada egiten dituztenentzat Erasmus Akreditazioa hurrengo pauso logiko bat da. Nazioartekotzarekin hasi nahi dutenentzat ere eskuragarria da. Azken hauei proiektu txiki batzuekin hasteko gomendatuko nieke. Erasmus Programa berrian badaude aukera egokiak horretarako eta behin probatuta ez dago atzerapausorik, horren ostean Akreditazioa egiteko gogoak segituan etorriko dira.
Egilea: Nereba Peña, Donostiako Nazaret ikastetxeko zuendari ondokoa.