Kristau Eskola buru-belarri ari da lanean Euskaraldirako; sare horretako 50 ikastetxek baino gehiagok hartuko dute parte aurten.
Prestigioa, erakargarritasuna eta erabilgarritasuna: hizkuntza bat indartzeko funtsezko hiru osagai.
Bakoitzak besteetatik edaten du, elkar elikatzen dute, eta hirurak dira beharrezkoak katea osatzeko: hizkuntza bat erakargarria izango da prestigioa baldin badu, eta erakargarria baldin bada, erabili egingo da. Hiru osagai horiek, gainera, laugarren batek gozatu behar ditu: maitasunak. Hizkuntza bat maitatzen ez baldin baduzu, ez duzu erabiliko, ez duzu «zeure» sentituko. Ikuspuntu horretatik begiratzen dio euskarari Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak. Urte andana darama hezkuntzan lanean, eta, gaur egun arte euskararen alde lan handia egin dela uste duen arren, nabarmendu du hainbat erronka daudela erabilerari dagokionez, besteak beste.
Kristau Eskolak Euskararekiko duen konpromisoa berretsi du, hasiera-hasieratik murgildu baita hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial horretan; aurten ere parte hartuko du, bai entitate moduan, bai sareko ikastetxeen sustatzaile moduan —128 ikastetxek osatua—. Entitateko langileek ahobizi eta belarriprest rolak hartu dituzte, guztiek baitakite euskaraz, eta barneko zein kanpoko hainbat arigune aktibatu dituzte. Kristau Eskola sarea osatzen duten ikastetxeen ia erdiek, bi ikastetxetako guraso elkarteek eta aisialdi talde batek entitate gisa eman dute izena. Baina Euskaraldia ariketa sozialean, ikastetxe guztiek parte hartuko dute, dagoeneko eskuragarri dituzten baliabide ugariak erabiliz, Erkidegoan hezkuntza eragile sozial garrantzitsu bat direla jakinik eta jabeturik. Haatik, Ormazabalek adierazi duenez, euren helburua harago doa, eta ez dira ariketan parte hartzearekin konformatu: «Prozesuari berari leku zabal bat eman nahi izan diogu, gizartearekiko dugun hezkuntza konpromisoa aintzat hartuz. Egitasmo izugarri bat da; Euskaraldiaz gain, gure estrategia planetan beti egin dugu euskararen aldeko apustua».
Euskara bera «utzi ezinezko balio bat» baita Ormazabalentzat, hainbat arrazoirengatik: pentsatzeko modu bat ematen duelako, arrazoinamendu bat. Izan ere, hizkuntzari izaera osatu bat aitortzen dio, eta ez du ikusten instrumentu huts bat balitz bezala, baizik «filosofia» gisa: «Hizkuntza batek beste oihartzun bat ematen dizu, pentsaera bat, ikuspuntu bat. Euskaraz bizi nahi badugu, euskaraz pentsatu behar dugu, eta euskaraz pentsatuz hori guztia gerta daiteke; baina bigarren hizkuntza gisa erabiliz gero, ez duzu erabiliko».
Maitatu, erabiltzeko
Baina nola sustatu euskararen erabilera? Kristau Eskolako zuzendari nagusiaren arabera, erronka ez da bera eremu formalean eta ez-formalean, eta batean zein bestean erabili beharreko estrategiak ere desberdindu ditu. Halaber, haren iritziz, erronka handiagoa da eremu ez-formalean, eta horrek kezkatu egiten duela esan du. Erabilera sustatzeko adierazi du oso garrantzitsua dela hiztun bakoitzak sentitzen duena: «Hizkuntza bat maitatzen baduzu, hizkuntza hori hezkuntza ez-formalean erabiliko duzu, aisialdian, ohituretan… Baina ez baduzu maitatzen, ikasi arren eta erabiltzen jakin arren, ez duzu erabiliko». Horretarako, azaldu du aintzat hartu behar direla ikasleek ikastetxetik kanpo familian, lagun artean eta beste esparruetan dituzten ohiturak. Hezkuntza formalean, bestalde, formakuntza jarri du Ormazabalek erdigunean, baina ez «nolanahikoa». Hezitzaileek beharrezko prestakuntza jasotzea eta erabat formatzen aritzea berebizikoa dela nabarmendu du, eta baliabideak aprobetxatu egin behar direla, ikasleak trebatzeaz gain hizkuntzari «prestigioa emateko»: «Garrantzitsua da zer irakasten dugun, nola, eta zer mailatan; izugarrizko garrantzia eman behar diogu».
Gaur egun arte euskararen alde lan handia egin dela azpimarratu du, baina ez dela nahikoa. Azaldu du gure gizartea plurala dela, eta hemendik aurrera are pluralagoa izango dela. COVID-19aren eraginez erronka handi bat dagoela adierazi du, euskararen erabileran eragin baitu: «Konfinamenduak erabilera bera ere konfinatu du: etxe askotan ez dago euskararik; horra hor galera. Oraingo erronka deskonfinatzea da, hau da, euskara irekitzea, zabaltzea».
Egilea: Mikel Ormazabal, Kristau Eskolako Zuzendari Nagusia