Konplexutasuna eta aniztasuna, gizakiaren beraren eta beronen bizigune diren gizarteen ezaugarriak izan dira historian zehar, halaxe dira gaur egun, eta izango dira zalantzarik gabe etorkizunean ere. Konplexutasun eta aniztasun hori inoiz baino ageriagokoak dira, gainera, bizi garen XXI. mendeko mundu globalizatuan.
Kontestu honetan, Kristau Eskolatik argi ikusten dugu funtsezkoa dela errealitate horren konplexutasun zein aniztasuna ahalik eta ongien ulertu eta ezagutzea, bai norbanako zein gizatalde bakoitzaren tokia errealitate horretan zein denaz jabetzeko, bai eta etorkizunari begira ongizate pertsonal zein taldekakorako egin beharreko bidea zein den jakiten laguntzeko ere.
Ulertze eta ezagutze prozesu horretan, hagitz interesgarria da UNESCOk bere azken txostenean mundu mailako aniztasun kulturalaz eta beronen konplexutasunaz dioena. Oinarrian, lau faktore azpimarratzen ditu errealitate hori ulertzeko gako moduan: komunikazio zein informazio sareen hedatzea, herrialde-ekonomien inbrikatze geroz eta handiagoa, herrialdeez gaindiko merkatuen hazkundea, eta mota guztietako harreman kulturartekoen hazkundea. Fenomeno hau guztia, mundializazio moduan izendatzen du.
Agerikoa da mundializazioa aldaketa ugari ari dela eragiten eremu askotan, eta zer esanik ez kulturari dagokionean.
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak berak, ondorio horien artean zera nabarmentzen du: fenomeno kultural bakoitzaren, eta fenomeno hori ematen den eremu geografikoaren arteko loturaren ahultzea. Txostenean adierazten denaren arabera:
urrutiko gertaera, esperientzia eta eraginak gure eremu gertukoenera inoiz baino azkarrago eta indartsuago bertaratzearen ondorioz gertatzen da hori. Eta kultura zein hizkuntza gutxituetan duen eragina, izugarria da.
Zentzu horretan, nazioarteko erakundeak egiten dituen aurreikuspenen arabera, ikaragarrizko aldaketak emango dira datozen hamarkadetan. Hizkuntzei dagokienez, bere azterketaren arabera une honetan mundu mailan hitz egiten diren 6000-8000 hizkuntzen artetik, portzentaje oso handia desagertu egingo da ziurrenera mende honetan zehar. Une honetan bizirik dauden hizkuntzen erdiek 10000 hiztun baino gutxiago dituzte, eta kalkuluen arabera, bi astean behin, horietako bat desagertzen ari da. Prozesu hau, hizkuntzarik hedatuenen indartzearekin batera ari da gertatzen.
Prestigioa, erakargarritasuna, erabilgarritasuna
Euskal kultura eta euskara, kultura zein hizkuntza gutxituak dira, eta horrenbestez, aurrera egingo badute, normalizazioranzko neurri zein estrategia argi eta eraginkorrak behar dituzte.
Oso ugariak eta azpimarratzekoak dira euskararen alde erakunde publikoek, pribatuek zein norbanako asko eta askok egindako lan eta ahaleginak. Horri guztiari esker, ukaezina da euskarak bereziki azken hamarkadetan euskal gizartearen aldetik jaso duen babesa eta ezagutzari dagokionez izan duen gorakada. Hain da hori horrela, non nazioarteko kultura zein hizkuntza gutxituak dituzten gizarte askok eredugarri baitute normalizazioranzko gure eredua.
Asko egin da, bai; baina asko dago egiteko, hala ere, erabateko normalizazioranzko bidean, erabilerari dagokionez bereziki.
UNESCOk egindako azterketa horretan adierazten den moduan, hizkuntza gutxituen hiztunek, eta gazteek bereziki (gureek ere bai,) hizkuntza indartsu eta prestigioduenetaranzko joera garbia daukate. Baieztapen horrekin batera, egoera horri buelta emateko gako nagusia ere plazaratzen da: “Hizkuntzen indarberritzea, gizataldeen nortasun kulturala indartzetik eta prestigiatzetik etorriko da”. Gako bertsua eman zuen jakitera orain urte mordoska bat Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta jakintsu handiak: “Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia”.
Kate itxurako prozesua da, beraz: prestigioak erakarri egiten du; erakargarritasunak erabilera handitzen du; erabilerak prestigioa ematen du; prestigioak erakarri egiten du;…
Nola eraman prozesu hori euskararen aldera? Hauxe da eragile eta norbanako askoren galdera.
Apustu argia
Kristau Eskolatik argi ikusten dugu barrura zein kanpora begirako helburu, konpromiso eta estrategia bateratuak ezinbesteko direla arrakasta erdietsi nahi badugu. Eta gureak, humanismo kristautik abiatuta euskal gizartearekin dugun konpromisoagatik, erabat barneratuta ditugu.
Barrura begirakoei dagokienez, eta hezkuntza eragile garen aldetik, euskara zein euskal kulturaren inguruko gure ekarpena, labur esanda, ikasleekin ondoko helburuak landuz hezurmamitzen dugu:
– Euskara ongi erakustea, eta edozein testuingurutan egoki komunikatzeko gai izan daitezen lortzea.
– Hizkuntza ezagutu eta barneratzearekin batera, maitatzea.
– Euskal gizartean bete-betean integratu eta elkarbizitzea ahalbidetuko dien tresna gisa aurkeztea.
– Kulturalki aberastu egingo dituen bitarteko gisa baloratzea.
– Komunikatzeko erabilgarri eta erakargarri den tresna moderno gisa aurkeztea.
– Finean, XXI. mendeko behar komunikatiboei egoki erantzuteko gai den euskara helaraztea.
Hori guztia, zimenduak bermatuz; ezagutza eraikiz.
Kanpora begirakoetan, Kristau Eskolak urte luzetan ekarpen esanguratsuak ditu eginak. Hala:
– Azpimarragarria da gure erakundeko hainbat bazkidek historian zehar euskararen alde egindako ekarpena, bai hezkuntza arloan, bai eliza mailan, eta gizartean oro har.
– Horrekin batera, Kristau Eskola bezala parte hartze zuzena izan dugu, hala eskatu digutelako, gure hizkuntzaren inguruko erabaki zein gogoeta garrantzitsuak hartu eta egin diren foroetan. Horren adibide dira, esate baterako, hizkuntza ereduen inguruko hausnarketa guneak, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean eginak, Euskara Batzordeko partaidetzak, berriki Euskaltzaindiak euskara batuaren 50. urteurrena dela eta antolatutako jardunaldietan egindako hitzaldia zein emandako babesa, eta beste.
Gizarte osoaren konpromisoa
Erronka handiak dira, zalantzarik gabe, euskarak etorkizunari begira dituenak. Erronka horiek behar bezala aurrera eramateko ezinbestekoa izango da euskal gizarteko erakunde publiko zein pribatu guztien bultzada eta inplikazioa, bai eta arlo desberdinetan dihardugun profesionalena ere (kazetari, idazle, politikari, itzultzaile, enpresari, youtuber, musikari, kirolari, zinegile, aktore, irakasle,…). Finean, gizarte osoarena.
Garrantzitsua izango da era berean gizartetik beretik sortzen diren ekimen serio, anitz zein esanguratsuei babesa eta laguntza eskaintzea. Euskaraldia dugu horren adibide. Hamaika egunez, norberaren hizkuntza jakintza maila dena delakoa izanik ere, euskararen erabileran aurrerapausoa emateko aukera paregabea eskaintzen digun ekimena da. Eta Kristau Eskolatik bat egiten dugu ekimen honekin. Euskaraldia, denon aldia delako.
Egilea: Imanol Artola Altuna.
Irakaslea eta komunikazioan aditua.
Donostian, 2018ko azaroaren 18an.