Gasteizko Mercedarias eskolan dugun konpromisoa gure kulturarekiko, beraz, gure hizkuntzarekiko, beti sendoa izan da. Are gehiago, gure eginkizuna eta zerbitzua hezkuntzan kokatzen denean, Erkidego honetan. Noski, beharrezko egokitzapenak ematen joan gara, errealitatearen, legearen, eskakizunaren… arabera; baina, agian, aurten, ikastetxe moduan, erakunde bezala, pauso berri bat ematea erabaki dugu.
Gure ikastetxea non eta ze ingurutan kokatzen den garrantzitsua da, bere eginkizuna eta gure konpromisoa hobeto ulertzeko.
Zaramaga auzoa 50eko hamarkadaren amaieran hasi zen sortzen, hiriko fabriketara lanera etortzen ziren langileak hartzeko. Mercedarias kongregazioak, fundatzaileak gazteriari irakasteko eta emakumeari heziketa sendo eta egiazkoa emateko zuen misioari leial izan nahirik, Zaramaga auzoan ezartzea erabaki zuen 1967ko azaroan, garai hartan hemen zeuden premia ugariei erantzuteko, besteak beste, hezkuntzari.
Eskolak lonjetan eta parrokia-lokaletan hasi ziren, eta ikasleen kopurua handituz joan zen heinean, auzoan txertatutako ikastetxe bat eraikitzeko beharra ikusi zen. Horrela, Mercedarias eskola 1974ko irailean hasi zen lanean. Garai hartan euskarak ez zuen garrantzirik oinarrizkoagoak ziren beste premia batzuekin alderatuz.
1987an B hizkuntza-eredua sartu zen 3 urtetan. Lehenengo, lerroetako batean izan zen, harik eta bi lerroak B eredukoak izatea erabaki zen arte. 2001ean “Bai euskarai” proiektuan parte hartu zen. 2004an, “Ulibarri” proiektua egin zen, eta urte batzuetan horrela funtzionatu zuen.
Auzoak, hiriak bezala, aurrera egin du euskararen instituzionalizazioan, baina eskolara joaten diren familien % 90 baino gehiago erdaldunak dira, eta ikasle etorkin asko ditugu. Horregatik, guretzat erronka handia da euskararekin lan egitea, oso garrantzitsua baita hizkuntzarekiko motibazio handia lortzea, batzuetan lortzen ez duguna. Horrek etengabe berrasmatzera garamatza egin beharreko jardueretan, ahozko eta idazketa lehiaketak sortzera…
Ikastetxe guztiak bezala, gure onena izatea bilatzen dugu; eta, horrek, bide eta pauso berriak ematen joateko galderak sortzen dizkigu. Ugariak eta anitzak. Eta hezkuntz komunitate osoaren laguntzaz, zehazten eta definitzen goaz. Gaurkoan, gure idazki honen bidez, Euskaraldiak dakarkigun erronka partekatu nahi dugu.
Urtean zehar, epe edota aldi zehatzean, euskararekiko etengabeko ekimenak, jardunak… aurrera eramaten ditugu, bai irakaslegoen artean eta, bereziki, gure ikasleei begira. Baina, klaustroak, eta, bereziki, ikastetxeko euskara taldeak erronka bat proposatu zigun: “Oraingoan, ze konpromiso gehiago? Orain arte euskaraldiarekin lotutako ekintzak egin ditugu ikasleekin, aurreko bi urtetan zehar, baina entitate bezala ez genuen konpromezu hori hartu. 2022ko Euskaraldiak, berri bezala, ze eskaini eta eman diezaguke?”. Kontutan edukiaz, gure ikasleak DBHn amaitzen dutela, ezin ditugu Ahobizi eta Belarriprest rola hartuaz parte hartzera gonbidatu, eskola bezala gure ahobizi eta belarri prest rolak sortu ditugu, ordea. Gainera, eskaintzen zaizkigun errekurtso pedagogiko ugariekin hainbat gauza burutu ditugu. Zer gehiago egin dezakegu orduan?
Ikastetxeak erabaki zuen pauso berri hori “Entitate” bezala izen ematea izan zitekeela, horrek suposatzen duen barne prozesuarekin, ariguneak sortuaz ere -bai barrura bai kanpora begira- eta, bereziki, azaroaren 18tik abenduak 2rarte konpromiso zehatzaz hartuaz. Garbi geneukan ez zela ekintza kopuruak diseinatzea, edota gaitasunetan ‘itota’ gelditzea, baizik eta gure sakoneko jarrera berbizpea, janztea, sendotzea… Eta ariketa sozial masibo hau, aurten, modu berezian, egokia gertatzen zitzaigun.
Ikastetxeko euskara taldeak konpromiso serioagoa hartzea proposatu zion klaustroari, erakunde gisa, euskaraldiaren barruan, eta, horrela, gure artean eta ikasleekin euskararekiko dugun konpromisoa indartzea. Esan eta egin. Denok ados egon ginen eta martxan jarri ginen. Guztien artean ideia batzuk proposatu ziren, ideia zaparrada bat egin zen, eta hortik ikasleekin egin beharreko jarduerak eta gure konpromisoak atera ziren, gure artean gaztelaniaz ez hitz egiten laguntzeko.
Lortu beharreko erronka handi bat ikasleak, batez ere, Bigarren Hezkuntzakoak, irakasleei euskaraz zuzentzea da, eta haien artean euskaraz komunikatzea hizkuntza horretan diren irakasgaietan. Euskaraldiaren aldi honetan, erronka hau proposatu dugu, eta aurrera eramateko, “Classdojo” tresnarekin gamifikatzea erabaki dugu, helburu hori betetzen dutenak sarituz. Behin epe hori amaituta, gustatuko litzaiguke ikastetxean ohitura euskaldunagoa lortu izana.
Adierazi nahi genuke, erronka zaila eta korapilatsua izan arren, ez dugula adoregabetu behar, eta eutsi eta iraun egin behar dela, lortu arte.
Eskuartean ditugun errealiteak kezka ugari sortzen dizkigute, ezin dugu ukatu. Baina, bereziki, aukera bihurtu nahi ditugu; ilusioz bete gaitzaketen erronka bezala formulatu, gure izatearen, egoterean eta egiterean zentzuko gaurkotzea izan dadin, hizkuntza ere, hezkuntzaren bidez, eta euskara kasu honetan, denok aberasten gaituen zubi bat baita.
Egilea: Mercedarias eskola komunitatea.