14 iraila, 2018

Blog KE Innova

GuGeutik gizartera

Kristau Eskolan, gure hezkuntza-proiektuaren bitartez, ikaslearen garapen integrala bilatzen dugu, “Oinarrietatik ezagutzetara” leloan laburbiltzen den bezala.

Pertsonaren balorea eta bizitzan zehar izango duen bere garapen integrala kontutan izanik, gure ametsa hezkuntzaren bitartez pertsona bakoitzaren ongizatea bilatzea da eta honen ondorioz, gizartea eraldatzea.

Hezkuntzak bizitzak alda ditzake eta gutako bakoitzak eskaini dezakenarekin, pixkana gizartea hobetzen saiatu behar genuke.

DELORS txostenak (UNESCO: “XXI. mendeko Nazioarteko Hezkuntza Batzordea) dioen bezala, bizitza osorako hezkuntza lau zutabetan oinarritzen da: ikasten ikasi, egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta izaten ikasi. 20 urte ondoren, ordea, oraindik eskoletan ezagutzen jabetzari ematen zaio garrantzia eta zailtasunak izaten dira elkarrekin bizitzen ikasteko eta izaten ikasteko.

Gaur egun neurozientziaren arabera, emozioak funtsezkoak dira ezagutzak eskuratzeko eta modu oso garrantzitsuan eragiten dute ikastean eta ikasketan. Bestalde, adimen emozionala lantzean eskolako giroa hobetzen da eta baita ikasleen erantzuna jazarpenaren aurrean.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar XXI.mendeko enpresek, eskatzen dituzten konpetentzien artean, batez ere adimen emozional baloratzen dutela: komunikatzeko gaitasuna, arazoak konpontzeko trebetasuna, aldaketei azkar egokitzeko gaitasuna, taldean lan egiten jakitea… gaur egun “trebetasun bigunak” edo “lanerako konpetentziak” deitzen direnak.

Hala ere, denok dakigu, bai gelan, baita bizitzan zehar ere, gatazkak sortuko direla eta pertsonen arteko harremanetan saihestu ezingo dugun elementu bat direla. Hau horrela izanik, ezinbestekoa da gatazka horiek ahalik eta lasterren antzematea eta esku-hartzea, ez daitezen areagotu eta zaildu. Eskolan, honelako kasurik izanez gero, behar den erantzuna eman behar da, noski, baina horrelako egoeretan esku-hartzea ez da nahikoa, funtsezkoa da aurreko prebentzio lana.

Ikastetxeetan gatazkei aurre egiteko tresnak eta baliabideak baditugu (adostokiak, bitartekaritza zerbitzua, ziberkidek, protokoloak, e.a.), eta ez da zaila prozesu hauek guztiak martxan jartzea baina tresna horiek funtzionatzeko, eta batez ere, denboran sostengarriak izateko ezinbestekoa da adimen emozionala lantzea eta sustrai sendo batzuk izate. Horratarako, gu geu, irakasleengandik hasi behar dugu trebatzen, ondoren ikasleekin eta familiekin jarraitzeko.

Gaur egun Neurozientziari esker badakigu zer egin ikasleak kuriositatea izateko, miresteko gai izateko, norberarekiko ziurtasuna eta alaitasuna sentitzeko, hauek baitira ikasketa-prozesua ongien garatzeko baldintza egokienak.

Begiradaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, zer sentitzen duen irakasleak bere ikaslea begiratzen duenean. Ikasleei nahi dugun hori modu egoki batean transmititu nahi badiegu, irakasleak, gelan sartzean, kontziente izan behar du zein emozioetan aurkitzen den.
Beraz, gure ikasleen ongizatea eta garapen integrala lortzeko, GUGEUgandik hasi behar dugu hau dena lantzen eta ondoren gure ikasleak eta familiak trebatu. Hau da GUGEU proiektuaren gakoa.

 

Pedagogia Departamentua / Kristau Eskola

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu