Gero eta ozenago eta zabalago entzuten dugu alde ezberdinetatik honako deia: hezkuntzaren planteamenduaren aldaketaren beharra, elkarrekin eta elkarturik, gaurkoari eta biharkoari egoki erantzuteko, tokikotik mudura. Esan daiteke, beraz, dei hau erantzun bat eskatzen duen lehentasuneko beharra bihurtu dela; eta, gehiago oraindik, gizartean bizi ditugun hainbat egoera gordinak kontutan edukiaz.
Gure erakundeak, sorreratik, gizartearen errealitatea ikusirik eta entzunez, berehala jabetu ziren hezkuntzaren garrantziaz eta beharraz pertsonaren duintasunean eta garapenean aurrera pausoak eman ahal izateko. Aintzindariak izan ziren eta aintzindariak izaten jarraitu behar dugu. Horretan saiatu gara eta horretan dihardugu. Baina, agian, beharra bihurtu dei hori, inoiz ez bezala, besteekin batera eta modu berritzaile batean, sakonagotik entzuteko une aproposa heldu zaigu guri ere, kontutan edukiaz, biltzen gaituen elkarteak berak, Elizak, gonbidapen berezia luzatu digula, zentzuz eta gogoz parte har dezagun: Hezkuntza-Itun Globala. Eta ez gonbidapena bakarrik, baizik eta gure eskuetan utzi du lanerako dokumentu bat, Instrumentum laboris izeneakoa, gaia eta errealitatea, egiaz eta elkartasunean, landu dezagun.
Gaurkoan aldaketa azkarrak nagusitu direnean, bereziki, Elizak, elkarrizketarako pozesura bultzatzen gaitu, Frantzisko Aita Santuaren hitzetan, “zentzuzko aldaketa orekatu bakoitzak hezkuntza-bide bat eskatzen duelako, elkartasun unibertsal berri batera eta gizarte abegitsuago batera heltzeko”. Eta, horretarako, ezinbesteko eskakizuna luzatu: “Hezkuntza irekiago eta gizarteratzaileago batekiko irrika berritu, entzuteko prest egon, elkarrizketa eraikitzailerako eta elkar ulertzeko gai izan dadin”. Jakinik, gainera, gaurko gizadiaren senidetasunak zauri gordinak dituela.
Eskuartean pertsonak ditugu, eta Kristau Eskolako sare moduan, pertsona gisa heztea helburu, besteekin batera munduaren beharren zerbitzura egonaz. Hau da, osotasunean, duintasunez, guztiona dugun etxean elkarrekin eta elkarturik, erantzunkizunak elkarbanatuz eta ezberdintasuna aukera eta ez mehatxu bezala ulertuaz hezi. Sarean dugun goiburuan laburbilduaz: oinarrietatik ezagutzara. Gizatasun kristau batetik ulertzen dugu, horretarako, haur, gazte eta heldu bakoitzak eta guztiek aukera berdinak eduki behar dituztela, bakoitzak bere izatetik egoki erantzun dezan.
Garbi dago, horretarako, pauso berriak, berritzaileak eta garrantzitsuak eman eta konpromiso berriak hartu behar ditugula, non pertsona erdian jarriaz, hezkuntza, ekonomia, politika, hazkundea eta garapena beste modu batera uler daitezen. Honek bere denbora eskatzen du, epe luzeko begirada; baina, besteekin batera, horri ekitea eta horretan sakontzea ezinbestekotzat jotzen dugu.
Ikasturte honetan, gai eta errealitate honen inguruan, Kristau Eskolatik hainbat ekintza eta une eskainiko dira, sare moduan, une garrantzitsu honek islada eta oihartzuna eduki dezan. Guztion esku, eskola kristau bezala geure artean ere hobeto ezagutzeko, elkar laguntzeko, elkar aberasteko eta oinarrietan sendoturik begirada bateratua luzatzeko eta sendotzeko. Elkarrekin, geure errelatoa gaurkotu dezagun!
Azkenik, geureganatu dezagun Frantziskok aipatzen diguna: “Hezkuntza itxaropen-ekintza bat da, non orainetik etorkizunari begiratzen dion”.
Egilea: Arantza Jaka, Pastoraltza arduraduna Kristau Eskolan