Abenduaren hirugarren egunak, Euskararen Nazioarteko Egunak, esanahi berezia dauka zalantza izpirik gabe euskaldunontzat, gure nortasunaren ezaugarri funtsezkoetako bat den euskara, bereziki erdigune bilakatzen baita euskal gizartea osatzen dugun norbanako zein erakundeon baitan, bai eta Euskal Herriarekin zein euskal kulturarekin nolabaiteko harremana duten nazioarte mailako pertsona zein erakundeen baitan ere.
Historia
Atzera begiratu, eta hastapenetara joz gero, Euskararen Nazioarteko Egun honek Ibilbide luze samarra duela egina ikus daiteke; 1949. urtean egin zen lehen edizioa, Eusko Ikaskuntzak sustatu eta antolatuta. Ospakizunetik gutxi izan zuen lehen egun hark, ordea, une hartan oso kezkagarria baitzen hizkuntzaren egoera, eta halaxe adierazi zuen erakunde antolatzaileak lehen edizio horren iragarpen idazkian; idazki horren lehen lau hitzak, horren erakusgarri argi dira: “Eri, gaizki da eskuara (…)”. Ezagutzan eta erabileran nabarmen atzera egiten ari zen euskara Euskal Herriko eremu guztietan, eta egoera horri aurre egin nahia izan zen, hain juxtu ere, Eusko Ikaskuntzak egun hau abian jartzeko arrazoi nagusia.
Luze bezain gorabeheratsua izan da Euskararen Nazioarteko Egunaren bidea. Zernahi gisaz, azken hamarkadetan bereziki indarra hartuz joan da, gizarte zabaleko hainbat eta hainbat sektoretako erakunde zein norbanakoen atxikimendua jasoz. Antolaketaren bide horretan mugarri esanguratsuenetako bat 1995. urtea izan zen, urte horretan Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, instituzionalizatu egin baitzuten Euskararen Nazioarteko eguna. Orduz geroztik, euskararen aldeko ekimenak egonkortu, zabaldu eta indartu egin dira, gogoetak biderkatu, bitartekoak handitu eta inplikazioak sendotu.
Asko eta anitzak dira egun honen jiran urteotan guztietan abian jarri diren ekimenak; guztiak dira txalogarriak, bakoitzak bere ekarpena, handi zein txiki, egin dutelako. Bada bat, hala ere, bereziki nabarmendu beharrekoa: iaz aurrenekoz gauzatu zen Euskaraldia. Hamaika egun euskaraz izeneko leloa zuen ekimen hori, euskara jakin edota ulertzen duten norbanakoen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa izan zen. Milaka eta milaka izan ziren ahobizi eta belarriprest moduan ariketa horretan parte hartu zutenak, eta agerikoa da lortu zuen arrakasta, euskararen aldeko bultzadetan erreferente bihurtuz.
Kristau Eskolaren konpromisoa
Aurrerago aipatu dugu asko eta asko izan direla eta direla egun ere Euskararen Nazioarteko Eguna bultzatuz, euskararen normalizazioaren alde lanean diharduten norbanako eta erakundeak. Kristau Eskola da horietako bat.
Kristau Eskolak, bere baitan 80 erakunde, 128 ikastetxe, 8000 hezitzaile eta 90000 familia biltzen dituen, eta euskal gizartean erabat erroturik dagoen elkarte moduan, konpromiso sendoa dauka, beste hainbat helbururekin batera eta humanismo kristautik abiatuta, euskal kulturaren alde oro har, eta bereziki euskararen erabilera normalizatuaren alde jarduteko. Eta horretan dihardu; horretan dihardugu.
Hezitzaile garen aldetik, euskararen zein euskal kulturaren aldeko gure ekarpena bi norabidetan gauzatzen dugu:
1. Gure ikastetxeetan ikasleekin zuzenean helburuak landuz, hala nola:
– Euskara ongi erakustea, eta edozein testuingurutan egoki komunikatzeko gai izan daitezen lortzea.
– Hizkuntza ezagutu eta barneratzearekin batera, maitatzea.
– Euskal gizartean bete-betean integratu eta elkarbizitzea ahalbidetuko dien tresna gisa aurkeztea.
– Kulturalki aberastu egingo dituen bitarteko gisa baloratzea.
– Komunikatzeko erabilgarri eta erakargarri den tresna moderno gisa aurkeztea.
– Finean, XXI. mendeko behar komunikatiboei egoki erantzuteko gai den euskara helaraztea.
Hori guztia, zimenduak bermatuz; ezagutza eraikiz.
2. Ikastetxeetatik kanpo, gizarteari begirako ekimenak gauzatuz. Eremu honetan Kristau Eskolak urte luzetan ekarpen esanguratsuak ditu eginak. Hala:
– Azpimarragarria da gure erakundeko hainbat bazkidek historian zehar euskararen alde egindako ekarpena, bai hezkuntza arloan, bai eliza mailan, eta gizartean oro har.
– Horrekin batera, Kristau Eskola bezala parte hartze zuzena izan dugu, hala eskatu digutelako, gure hizkuntzaren inguruko erabaki zein gogoeta garrantzitsuak hartu eta egin diren foroetan. Horren adibide dira, esate baterako, hizkuntza ereduen inguruko hausnarketa guneak, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean eginak, Euskara Batzordeko partaidetzak, berriki Euskaltzaindiak euskara batuaren 50. urteurrena dela eta antolatutako jardunaldietan egindako hitzaldia zein emandako babesa, eta beste.
Norbanakoon ardura
Kristau Eskolan jakitun gara handiak eta asko berriak direla euskarak etorkizunari begira dituen erronkak; Bide berriak, modu berriak. Ongi etorri etorkizunera! dio aurtengo edizioaren leloak. Irudimena, kemena eta baikortasuna ezinbesteko bidelagun izango dira erronka horiei aurre behar bezala egiteko, bai eta euskal gizarteko erakunde publiko zein pribatu guztien bultzada eta inplikazioa ere.
Eta horiekin batera, norbanakoona ere bai, gutako bakoitzarena baita, eta are gehiago hezkuntzaren moduko eremu elebidunetan, komunikatzeko zein hizkuntza hautatzen dugun erabakitzeko ardura, hau da, ahobizi/belarriprest izan ala ez izatekoa; euskaldun bakarrik izan ala euskalari izatekoa.
Izan ere, Koldo Mitxelena handiak zioen moduan,
“hizkuntza (…) hiztunek bizi dute”.
Egilea: Imanol Artola Altuna, Irakaslea eta komunikazioan aditua.
Donostian, 2019ko abenduaren 3an.