21 maiatza, 2019

Blog KE Innova

Kirola eta Osasuna

Osasuna, horren garrantzitsua bezain beharrezkoa dugun kontzeptua. Gizartearen ardura eta lehentasuna.

Osasunak alderdi asko biltzen ditu: fisikoa, emozionala, soziala…

Antoniano Ikastetxean hezkuntza integralean sinesten eta lan egiten dugun heinean, beharrezkoa deritzogu gure haurren eta langileen osasun ohiturak bermatzea. Hots, hamar urte daramatzagu lanean Kirola eta Osasuna lantzen dituen proiektuan; urteak pasa ahala, egokitzapenak jasan dituen arren, oinarrian, helburua, berdintsu mantendu dugu beti:

Osasun ohiturak landuz bizi kalitatea hobetzea.

Gure hastapenak zeintzu izan ziren:

Osasun fisikoa bermatzeko eta lantzeko, eskola kiroleko programan aldaketa sakon bat planteatu genuen. Alde batetik kirol/jolas aniztasuna txertatu genuen. Hiru kirol praktikatzetik hamabi kirol/jolas ezberdin eskaintzera pasa ginen. Modu honetan, aukera zabalduz, ikaslegoaren parte-hartzea sustatu genuen eskola kiroleko praktikan: %57tik %98,7ra, alegia.

Gure ikaslegoaren ia gehiengoak jarduera fisikoa egitea lortu genuen eta halaxe mantentzen dugu joera.

Jarduera fisikoa egitea bezain garrantzitsua denez hau praktikatzeko dugun maiztasun ohitura, aukera zabaltzearekin batera, egunero kirol/jolasak egiteko ordutegi bat planteatu genuen ere. Egungo datuek adierazten dute ikasleen %70ak bost kiroletik gora egiten dituela, beraz, astean gutxieneko sei orduko kirol jarduera egiten dutela bermaturik dago.

Kirol eta jolasen praktikak atsegina eta erakargarria izan behar zuen bizi ohitura batean bilakatu zedin.

Profesionaltasuna

Osasun emozionala lortzea helburu genuen ere eta hartara, eskola kiroleko saioetan profesionaltasuna bermatzea derrigorrezkoa zela ikusi genuen. Kirolaren barne logika eta kirol teknika irakasteaz gain, haur bakoitzaren eta taldearen ongizate emozionala eta sozialtasuna garatuko zituzten begiraleak izan nahi genituen gure artean lanean. Ordurarte DBH-ko ikasleak bagenituen entrenatzaile lanetan, kirol edo hezkuntza arloan formakuntza zuten begiraleen aldeko apustua egin genuen.

Bestalde, beharrezkotzat jo genuen eskola kirola hezkuntza proiektuaren baitan txertatzea.

Eskola kirola eta ikastetxeko tutore, etapako koordinatzaile, eta zuzendaritza batzordearekin zuzeneko komunikazio prozedura jarri genuen martxan.

Oztoporik gabeko jarduera fisikoa eskaintzea izan genuen helburu hasieratik,

Guztiontzat erakargarria eta eskuragarria izan zitekeena. Adibide gisa, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin eta Shelter Surf eskolarekin burutu dugun elkarlana. Surf-a elitista denaren ideia baztertu eta, kontrara, behar bereziak dituztenei surf terapeutikoa eskaini diegu. Ikasleengan ongizate emozionala eragin duen proiektu honetan lan egin izanak poztasun handia eman digu lan-talde guztiari.

Kirola eta Osasuna proiektuaren baitan, azken lan esparru bat ere landu dugu, zeinak irakaslegoa oinarri duen.

Gure haurrei kalitatezko zerbitzua emateko, beharrezkoa da gure irakasleak egoera fisiko eta emozional onean egotea.

Zeintzu baliabide jarri ditugu hori lortzeko? Alde batetik, ikastetxeko kirol koordinatzaileak entrenamendu pertsonalizatuak prestatu dizkie interesa agertu duten irakasle guztiei. Eta ez hori bakarrik, kiroldegia ere egoki moldatu da euren entrenamendu beharretara.

Osasunari dagokionean argi dago bide luzea dugula oraindik ere egiteko.

Kirolak eta jarduera fisikoak modu desberdin askotan lagundu gaitzake gure bizi kalitatea hobetzen eta hori helburu izanik, lanean jarraitu behar dugu, guztion ardura baita gizarte osasuntsu eta indartsu bat izatea.

Egilea: Ane Cano, Antoniano Ikastetxea Zarautz.

 

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu