23 urria, 2020

Blog KE Innova

Mistikoak, bizitzaren alde

“Ezin soilik doktrinekin gauza handietan konprometitu; bihotz emango digun mistika bat ere behar dugu”
(Frantzisko Aita Santua, Laudato Si’ 216)

Honako hau zioen Frantzisko Aita Santuak duela 5 urte Laudato Si’ entziklika argitaratu zuenean: “Mistika behar dugu gure munduaren arazo larriak konpontzeko”.

Ingurumen eta gizarte krisi sakon batean gaude, ezezaguna historian, mehatxu larri dena gure produkzio eta kontsumo ereduaren oinarrientzat. Eta badakigu sostengaezina dela. Ezin dugu jarraitu energia erregai fosiletatik ateratzen, plastiko kantitate itzelak ekoizten eta botatzen, planetako ur geza eskasa alferrik erabiltzen edo kutsatzen. Ezin dugu jarraitu arrantza lekuak neurriz gain ustiatzen, ezta ozeanoak azidotzen ere.

Mugak jarri behar dizkiegu pestizidei eta ongarriei, espezieak babestu behar ditugu, balio bereziko eremu naturalak zaindu.

Lanak ez dira urri. Gure etxeari –Lurrari– egin diogun kalterik handiena azken bi mendeetan gertatu da, eta, oso modu berezian, azken hogeita hamar urteetan. Martxan jarri dugu suntsipen masiboko makina bat, eta ez dakigu nola gelditu. Gizateria gisa, harro gaude hamarkada hauetan muturreko pobreziatik atera diren pertsonengatik, 800 milioi inguru, txinatarrak batez ere, baita egin diren hobekuntzez ere, bizi itxaropenean, ugalketa osasunean, hezkuntzan, etab. Dena dela, ezin dugu bide berean jarraitu: kale itsu bat da, mundua –gaur egun ezagutzen dugun moduan– suntsitzera garamatzana. Badakigu goitik beherako eraldaketa bat behar dugula.

Batzuk saiatzen dira isilarazten alerta egoera honetaz ohartarazten diguten ahotsak. Bi argudio nagusi erabiltzen dituzte. Alde batetik, diote nazioarteko merkatua zabaltzeak muturreko pobreziatik aterako dituela planetako bizilagun guztiak. Merkatu hori gehiago zabaldu besterik ez dugu egin behar. Ez dute esaten azken hiru hamarkadetako hazkundea zor diogula nagusiki neurri gabeko desberdintasunaren areagotzeari.

Inoiz ez dugu aberatsenen irrika asetzeko adina aberastasunik sortuko.

Bestetik, diote teknologia gai izango dela aurre egiteko ingurumen arriskuei. Naturaren ondasunez gozatzeko behar diren aurrerapen teknologikoak eskuratuko omen ditugu, natura suntsitu gabe.

Horrela, saiatzen dira jendea lasaitzen eta behar-beharrezkoak diren aldaketak eragozten, eta aldaketa horien artean daude bizitzeko beste modu bat, pertsona gisa eta gizarte gisa, eta oparotasuna sortzeko eta banatzeko beste modu bat. Beste bizimodu bat behar dugu, soila, ingurumena errespetatuko duena, eta eskuzabala izango dena gutxien dutenekin.

Ekoizteko beste modu bat, energia berriztagarrietan eta ekonomia zirkularrean oinarritua, gaur egun hondakin direnak birziklatuko dituena.

Beste politika bat, merkatuen aginduen gainetik jarriko dituena gizaki guztien eta, bereziki, pobreenen ongia eta naturarekiko errespetua. Fiskalitate berri bat proposatuko duen politika, gehien dutenak zergapetuko dituena, ezer ez dutenak duintasunez bizi daitezen. Egia esan, benetako eta beharrezko “iraultza kultural” (Laudato Si’ 114) batez ari gara.

Desafioa hain da neurrigabea, ezen berehala jabetzen garen Frantzisko Aita Santuaren hitzen egiaz. Arazo horiek ez ditugu konponduko informazioarekin bakarrik, ezta doktrinekin eta teknologiarekin bakarrik ere, horiek denak beharko baditugu ere.

Mistika sakon bat behar dugu, bihotzaren konbertsioa, birkokatu egingo gaituena planeta honetako bizidun gisa.

Uste hori ez da bakarrik Aita Santuarena. Aitzitik, zientzialari asko, sinetsita ez dela nahikoa zenbakiekin, txostenekin eta ohartarazpenekin, hasiak dira jada elkarguneak antolatzen hainbat erlijiotako ordezkariekin. Hondamendiaren hizkuntzak jendea paralizatu edo etsiarazi egiten du.

Behar-beharrezkoa dugu beste hizkuntza bat, edertasunarena, zaintzarena, naturan bizitzearen dohaina aitortuko duena. Espero dugu bizitzagatiko esker onak aldatu egingo duela kreazioari buruzko gure ikuspegia, gure harrapari grina alboratzeko eta gure gogoa oparitua izan zaigun kreazioaren esker oneko kontenplaziora zabaltzeko.

Mistika bat behar dugu, sortutako guztiari lotuko gaituena eta errealitateen –txikiak izanagatik– erantzule egingo gaituena: bizitza ospatu eta pobreenak babestuko dituzten errealitateak. Gorputzez eta arimaz konprometitzearen desafioa.

 

Egilea: Patxi Álvarez de los Mozos. Jesuita. ALBOAN GKEren kolaboratzailea.

Aurkitu zure interes eta beharretara ondoen egokitzen den Kristau Eskolako ikastetxea

Ikastetxea bilatu