Zientziari garrantzi handia ematen diot. Gizartean dauden gai konplexuei argia ematen dien itsasargi gisa irudikatzen dut, are gehiago Convid-19 izurritea pairatzen dugunetik.
Automatizazio eta industria robotika irakaslea naiz Gasteizko Egibide ikastetxean eta, tamalez, oraindik ere oso emakume gutxi ikusten ditut ikasgeletan. Sekulako atsekabea sortzen dit horrek. Ni ikasle nintzen garaian gutxi ginen ere, baino konbentziturik nengoen, urteak aurrera egin ahala, gauzak aldatzen joango zirela. Momentuz, behintzat, ez da hala izan. Hori baino lehen, hainbat aldaketa eman beharko dira bai hezkuntza esparruan bai gizartean ere.
Hezkuntza sistemari dagokionean, lehen hezkuntzatik abiatuta landu beharreko gaia dela uste dut. Bigarren hezkuntzara heldu baino lehen kontzientzia hartzea beharrekozkoa deritzot, kontrara, hautaketa eginda izango baitute ikasle gehienek eta orain arteko joerari eutsiko diote: gizonezkoak zientzia naturalak eta teknologiaren aldeko joera agertuko dute eta emakumezko gehienek giza-zientzien aldekoa. Honi buruz ikertu duen lan interesgarri bat bada, “Comparative Advantage and Gender Gap” izenekoa. Interesaturik egotekotan, irakurri laburpen exekutiboa.
Etorkizunera begira ez naiz baikorra
Gure ikastetxean, teknologia eta zientzia naturalen alorrean, emakumezkoen presentzia oso txikia da irakasle zein ikasleen artean. Etorkizunera begira ez dirudi gauzak gehiegi aldatuko direnik. Ate Ireki jardunaldiak antolatzen ditugun bakoitzean emakume gutxi izan ohi da, interes gutxi agertzen jarraitzen dute. Ikasgeletan egun dugun egoera ikusita, arlo teknologikoari dagokionez, eta epe laburrean behintzat, emakumeon presentziak txikia izaten jarraituko du.
Esandakoak esanda ez nuke nahi inork gaizki ulertzerik. Gizarte zientziak zientzia naturalak eta teknologia bezain garrantzitsuak direla iritzi dut, denetarik egon beharra du gizartean, lantegietan eta ikasgeletan. Kontua da orain artean ez dagoela orekarik gizonezko eta emakumezkoen presentziaren artean. Joera hori aldatzearen aldekoa naiz. Haur eta nerabeei begira, garrantzitsua deritzot orain arteko gizarte joerak eta aurre iritziak gainditu eta gizabanako bakoitzaren gustu, bokazio eta indarguneak kontutan izanik egin dadila alor bat edota bestearen aldeko aukeraketa. Parekatu dadila modu naturalean emakume zein gizonezkoen presentzia.
Deustuko Unibertsitatea Mentore programaren bitartez ari da orain arteko joera aldatzeko ahaleginetan. Zientzia eta teknologiaren esparruan emakumeei bidea irekiko dien saiakera bat ari da lantzen. Eskertzekoa eta beharrezkoa benetan euren lana eta saiakera. Beraiek bezala badira beste hainbat unibertsitate, enpresa, elkarte, gizabanako etab…, guztion lankidetza beharrezkoa izango da aldaketa bermatzea nahi badugu.
Egilea: Ainhoa Corcuera, Automatizazio eta Industria Robotika zikloan irakaslea, Egibide Ikastetxea, Gasteiz.