Hezkuntza munduan murgildurik 24 bat urte daramatzat. Atzerriko Hizkuntzan diplomatura naiz eta 10 urtez tutore lanetan aritu nintzen Lehen Hezkuntzan, bigarren zikloko ikasleekin. Hortik, koordinazio lanak eta ingeleseko irakasle lanak uztartzera pasa nintzen beste 10 urtez, eta azken lau urte hauek Zuzendari lanetan aritu naiz, ingeleseko saio batzuk emateari utzi gabe.
Hastapeneko urte haietatik hona urte batzuk pasa dira eta urte hauetan guztietan hezkuntza munduan eman den bilakaera handia izan da. Neure buruarengatik ere gauza bera esan dezaket. Arlo pertsonalari begirada bat botatzen badiot, izugarrizko aldaketak ikus ditzaket; neska gaztetxo bat izatetik, gaur egun, bi neraberen ama ere banaizela ohartzen naiz!
Bada, arlo profesionalean ere, paraleloki hazten joan naizela ikusten dut. Irakasle lanetan, hezkuntzaren ikuspegi bat ezagutu nuen; eta koordinazio eta zuzendari lanekin, hezkuntzaren inguruko begirada hori osatzera iritsi naizela esan dezaket. Arestian aipatu bezala, hezkuntza-munduan aldaketa izugarria ematen ari da eta ezinbestean prestatuak egon behar dugu, baina inoiz ez dugu ahaztu behar pertsonekin egiten dugula lan, haur eta familiekin, eta horretan ipini behar dugula gure indarra eta ahalegina. Alde horretatik, lan egin dudan bi Zuzendaritza Taldeen lehen helburua horixe izan da, alderdi gizatiarra zaintzea, eta horretaz harro nagoela esan beharra daukat.
Hain zuzen ere, gure ikasle-irakasle eta familiak erdigunean ditugulako eta pertsona oro emozioak direla sinesten dugulako, azken urteotan alderdi emozionalari berebiziko garrantzia eman diogu, gure indarrak irakasleen formakuntzetan jarriz: irakasle guztiok bat eginda, adimen emozionalaren inguruko GUGAN egitasmoaren eskutik formazioan murgildurik aritu gara. Kristau Eskolak proposatutako formakuntza hau, adimen emozionala lantzen duen egitasmoa da: gure irakasleei tresna eta estrategia berriak eskaintzen dizkiena eguneroko gatazkei eta gelako aniztasunari modu kontziente batean erantzuteko.
Ildo honetatik, hezkidetzaren gaia ere lehen lerrora ekarri dugu. Gai hau sarritan gatazkatsua izan ohi da gaur egungo gazteen artean. Horretaz jabetuz zenbait helburu landu nahi izan ditugu gure gazteekin eta horretarako, Bizikidetza eta Hezkidetza taldea buru belarri murgildurik ari da lanean. Talde honen egitasmo nagusia da genero desberdintasunean oinarritutako sistemaz ohartzea eta honi aurre egiteko kontzientzia eta estrategiak lantzea. Gainera, ikasleen arteko harremanak berdintasunean eraikitzea eta errespetuan oinarritutako baloreetan kontzienteki eraikitzea ere bai. Bidea hori dela sinesten dugu.
Hau guztia kontuan izanik, ikastetxean geure proiektu propioa diseinatua dugu, hezkuntza komunitate osoaren inplikazioarekin (ikasle, irakasle, familiak,…). Haur Hezkuntzatik hasi eta DBH amaitu arteko proiektuaren bidez, gure ikasleen bidelagun izan nahi dugu. Inguratzen gaituen munduan barrena bidaiatuko duten pertsona adimentsu, kritiko eta emozionalki sendoak hezi nahi ditugulako: zarauzko etorkizuna eraikiko duten gazteak.
Egilea: Ainhoa Mendia, Zarauzko Antoniano ikastetxeko zuzendari pedagogikoa.