Konplexua da gaur egun hizkuntzen gaia gure eskoletan. Ikasleen komunikazio gaitasuna lantzea, ikastetxeko hizkuntzak ezagutzen ez dituzten ikasleei harrera eta jarraipen egokia egitea, irakasleak metodologia-ikuspegi berrietan trebatzea, ikasleen zein irakasleen hizkuntza-erabileraz gogoeta egitea, ikastetxeko eta ikastetxearen hizkuntza-harremanak nolakoak izango diren erabakitzea…,
hainbat dira Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuak jorratu, erabaki eta eraldatu ahal eta behar dituen alderdiak.
Eta horretarako, bere hizkuntza politika definitu behar du ikastetxeak, bere norabidea definitu behar du. Ikastetxe guztiek dute hizkuntza politika jakin bat, batzuetan esplizitua eta beste batzuetan inplizitua dena (Trujillo, 2016). Helburua litzateke sustatzea erabaki kontzienteak eta ausartak, hortik eratorriko diren hizkuntza-politikak eta hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak izan daitezen berritzaileak eta lagun dezaten ikastetxearen proiektua ordenatzen, indartzen, hobetzen edota eraldatzen (Perez eta Garro, 2018:57).
Hizkuntzaren gaia erdigunean jartzeak ez ditu beste proiektu batzuk baztertu nahi, aitzitik, ikuspegi integral, sistemiko eta ekologikoa aldarrikatu nahi dugu, zeinetan proiektuak harremanetan eta elkarlanean antolatu beharko ditugun (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, 2015). Lan sistemiko hori antolatu eta hizkuntzari behar duen tokia eta garrantzia emateko, beharko dugu eskolako zuzendaritzaren lidergoa, talde eragile indartsua eta klaustro inplikatua, benetako talde-lana egingo duena eta eskolako proiektu konpartitua eraikitzen lagunduko duena (Bolívar, 2010).
Aniztu programa oinarri hartuta, hainbat ikasturte darama Kristau Eskolak bere sareko ikastetxeen Hizkuntza Proiektuak sustatzen eta laguntzen.
Laguntza horren harira ari gara aholkularitza ematen Huhezi-tik azken lau ikasturteetan. Eta lau ikasturte horietan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 108 ikastetxe egon dira prozesuan inplikatuta, EAEko Kristau Eskolen %82.44. Aholkularitzaren helburua izan da ikastetxe bakoitzeko HIZPRO arduraduna trebatzea eta hari teoria eta tresna erabilgarriak eskaintzea, hark bere ikastetxean talde eragilea sortu eta taldean haien ikastetxeari egokitutako Hizkuntza Proiektu egokitua, egingarria eta dinamikoa diseina dezaten.
Orain arte izandako esperientziaren arabera, ikusi dugu ikastetxe bakoitzak abiapuntu ezberdina duela: badira lehendik proiektua idatzita duten ikastetxeak eta egokitzapen-beharra adierazten dutenak; badira prozesu interesgarri eta egitasmo asko dituzten ikastetxeak eta hori txostenera ekartzeko premia dutenak; eta badira Hizkuntza Proiektuaren erreferentziarik gabe datozenak ere, zerotik abiatzen direnak. Abiapuntuaren arabera, ikusi dugu, halaber,
prozesua ez dela arina eta ez dela lineala, eta ikastetxeek bi edo hiru urteko ibilbidea behar dutela prozesu hori egiteko.
Segidan, Hizkuntza Proiektua eraikitzeko prozesuaren denboralizazioa: faseak eta helburuak.
- Lehenengo urtea
- Sentsibilizazioa, helburuak:
- HIZPROa zer den ulertzea
- Ikastetxean zer funtzio betetzen duen barneratzea
- Hezkuntza proiektua eraldatzeko eskaintzen dituen aukerak aztertzea
- HIZPROa diseinatzeko behar den talde eragilea osatzea
- HIZPROa eraikitzeko oinarrizko formazioa jasotzea
- Praktika onak aztertzea
- Diagnostikoa I, helburuak:
- Ikastetxean lehendabiziko diagnostikoa egitea: ikastetxearen eta inguruaren ezaugarriak
- Sentsibilizazioa, helburuak:
- Bigarren urtea
- Diagnostikoa II, helburuak:
- Diagnostikoa osatzea: ikastetxearen ibilbidea hizkuntzen inguruan
- Diagnostikoa II, helburuak:
- Hirugarren urtea
- Garapena, helburuak:
- Ikastetxeko hizkuntza helburuak zehaztea
- Ikastetxearen hizkuntza planteamendua zehaztea eremu instituzionalean
- Ikastetxearen hizkuntza planteamendua zehaztea eremu didaktiko-metodologikoan
- Plan estrategikoa diseinatzea
- HIZPROaren ebaluazioa zehazte
- Garapena, helburuak:
Aipatzen ari garen prozesua ez da soilik idazketa-prozesua, noski, horrekin batera ikastetxean hautu kolektiboak dinamizatzeko eta egitasmoak inplementatzeko prozesu aktiboa ere bada. Eta horrek ere eragiten du HIZPROa eraikitzeko prozesua lineala ez izatea, ikastetxearen arabera iraupen ezberdina izatea eta aholkularitza-prozesuan faseen arteko joan-etorriak gertatzea:
Irudia: Faseen arteko joan-etorriak
Honenbestez, esan ere esan behar dugu ikastetxe guztiak ez direla iritsi urrats guztiak osatzera, bakoitzaren egoeraren eta aldez aurretik egindako ibilbidearen arabera, emaitzak ezberdinak izan direla. Dena den, aholkularitza prozesuan parte hartu duten ikastetxe guztiek bereganatu dute HIZPROaren bertutea: tresna estrategikoa dela ikastetxeko hezkuntza proiektua eraldatzeko.
Egileak: Karmele Pérez Lizarralde eta Pili Sagasta Errasti, HUHEZI.